Nola neurtu irakasleek ikasleen zeharkako gaitasunak lantzeko duten gaitasuna?
JOXERRA GÓMEZ TREBAKUNTZA ARLOKO DINAMIZATZAILEA jrgomez@tknika.net
MARIANO IRIARTE (INCRESS)
Gutako askok bete behar izan dugu noizbait galdeketaren bat, baina gutxitan pentsatu dugu nork edo nola erabaki dituen arretaz betetzen ditugun galderak.
Nola neurtu irakasleek ikasleen zeharkako gaitasunak lantzeko duten gaitasuna?
Gutako askok bete behar izan dugu noizbait galdeketaren bat, baina gutxitan pentsatu dugu nork edo nola erabaki dituen arretaz betetzen ditugun galderak.
"Ikaskuntzarako eszenatoki berriak. Zeharkako gaitasunak" proiektuan, erredundantea dirudien arren, ikasleen zeharkako gaitasunak lantzean irakasleen "gaitasuna" neurtzeko beharra sortu zitzaigun. Gure kasuan, zeharkako gaitasun horiek argi eta garbi identifikatuta daude eta hauek izango lirateke: "ikasten ikastea", "taldean lan egitea" eta "pentsamendu sortzailea". Prestakuntza jasotzen ari diren irakasleei gaiari buruzko lehen ikuspegia ematea da helburua batik bat, prestakuntza eta esperimentazioa amaitzean egindakoarekin alderatu ahal izateko.
Hala eta guztiz ere, galdetegia prestatzea dirudiena baino lan nekezagoa dela egiaztatu dugu eta gai horietan aditua den jendea behar dela lan horri nolabaiteko zorroztasun zientifikoa emateko eta emaitzak lotsatu gabe erakutsi ahal izateko. Horregatik, proiektuaren buru den aditu taldeaz gain, enpresa hauetako langileek osatutako eszenatokien laguntza izan dugu: TKNIKA, IVAC, Mondragon Unibertsitatea, IMH, Maristak, Incress enpresa eta unibertsitateko eta lanbide heziketako hainbat irakasle.
Azken galdetegiraino emandako urratsak asko izan dira eta hemen laburbilduta azaltzen ahaleginduko gara, argiago ikus dadin galdetegia egiteak dakartzan zailtasunak:
GALDETEGIAK EGITEKO JARRAITUTAKO URRATSAK
1. Teorien bilaketa
Lehen urratsa gehien egiaztatutako teoriei buruzko informazioa bilatzea eta "ikasten ikastea", "taldean lan egitea" eta "pentsamendu sortzailea" zeharkako gaitasunei buruzko ikerketetan gehien erabilitako ereduak bilatzea izan zen.
2. Teorien aukeraketa
Teoria ugariei buruzko dokumentazioa aurrean hartuta, helburua hobeto beteko zutenak aukeratu ziren, hau da, irakasleei balio izatea gaitasun horiek ikasgelan garatu ahal izateko.
Talde-lanaren gaitasunetik 3 dimentsio gorde dira eta azken ikerketetan garrantzitsuenen artean ageri dira, O'Neil-en eredutik abiatuta. Horrek antzekotasun asko ditu Stevens eta Campion-en ereduekin.
Pentsamendu sortzailea gaitasunetik eta horren dimentsio anitzetatik lau gorde dira eta zenbait ikerketatan garrantzitsuenen artean ageri dira. Erreferentziazko eredua Torrance eta horren TTCT testarena da (Torrance Test of Creative Thinking. Torrance (1966)).
Ikasten ikastea gaitasunerako abiapuntuko ereduak dira Zimmerman-en autoerregulazioarena, Pintrich-en (2004) ikaskuntza autoerregulatuarena eta ikaskuntzarako estrategien eta motibazioaren galdetegian (MSLQ) neurtutako aldagaienak (sinplifikatuak). MSLQ galdetegian identifikatutako dimentsioen aurrean, ikasleengan dimentsio horiek garatzea eragin dezaketen irakasleen jarrerak identifikatu dira.
3. Itemen elaborazioa
Lortutako emaitzen arabera gaitasun bakoitzeko dimentsioak(*) identifikatu ziren eta dimentsio horiei lotutako 3 galdera sorta landu ziren.
Galdetegiak laburrak eta errazak izatea eta irakasleei 3 gaitasunekin lotutako gaitasunen garapenari buruz hausnarketa egiten uztea lortu nahi zen.
Adituei (irakasleak eta unibertsitariak) igortzeko materiala sortu zen eta horiek intuizioz itemak edo galderak gaitasunen dimentsioekin lotzea eta garrantzi maila ematea lortu zen.
4. Adituen aldez aurreko kontsulta
Aldez aurretik bilera egin zen aditu taldearekin, itemak ereduko aldagaien arabera elkartzeko eta hierarkizatzeko eskatzeko eta lehen kritikak egiteko. Adituen taldea hauek osatzen zuten: INCRESS enpresako ordezkari bat, MUko ordezkari bat, EHUko ordezkari bat eta proiektuan parte hartu duen irakasle taldea.
5. Adituei kontsulta egitea
Itemen arteko loturak eta gaitasunaren dimentsioak finkatu zituzten 23 aditurekin (LHko eta unibertsitateko irakasleak) bigarren kontsulta egin zen eta horri esker emaitza onenak zituzten itemak hautatu ahal izan genituen. Hori aintzat hartuta, argiak ez ziren edo batez besteko emaitzatzat 3 baino gutxiagoko emaitza (4tik) lortzen zutenak edo dimentsioetako lehenengoan batez beste 0,5 baino gutxiago lortzen zutenak albo batera utzi ahal izan genituen.
Hori horrela, hiru gaitasunetakoren bateko item kopurua % 50 inguru murriztu zen eta esanguratsuenak soilik gorde ziren.
6. Irakasleei kontsulta egitea
Emaitzekin 21 irakasleri aurkeztutako galdetegiak egin ziren eta hasiera batean ebaluatzeko eta galdera guztien kritikak egiteko eskatu zitzaien.
Haiekin batera galderak berrikusi eta ahalik eta modurik ulergarrienean idatzi ziren. Horrez gain, lehen ebaluazioa egiteko eta irakasleek hasiera batean gaitasunei dagokienez dituzten beharren pertzepzioa atzemateko balio izan zuen.
7. Proba psikometrikoa
21 irakasleen erantzunekin galdetegiaren baliozkotasuna eta fidagarritasuna egiaztatzeko proba psikometrikoak egin ziren.
Fidagarritasun-emaitzak oso positiboak izan ziren, "pentsamendu sortzaileko" emaitzek irakasleen autoebaluazio altuen ondorioz zenbait zalantza utzi zituzten arren.
8. Galdetegiaren egokitzapena
"Pentsamendu sortzailearen" testa sorkuntzako hainbat adituri igorri zitzaien, hala nola Izinker edo Bikume, eta zenbait aldaketa proposatu zituzten.
9. Zabaldutako proba
Galdetegia aldatuta eta balioztatuta, prest gaude esperientzia pilotuaren hasiera izango den ebaluazio ugariagoa egiteko.
Gure kasuan, urratsen bat gehitu behar da; izan ere, galdetegia euskarara nahiz gaztelaniara itzuli dugu eta mekanizatu egin dugu erabiltzeko errazagoa izan dadin eta gai horietan gaitasunak neurtu nahi dituen irakasle orok erabil dezan.
Gauza guztiekin gertatzen den moduan, gustuko izango duten irakasleak izango dira, oso lagungarri izango dutenak, baina izango da hala jotzen ez duenik ere. TKNIKAn, hala ere, gustura gaude egindako lanarekin eta luzeegia ez den galdetegia atera dela uste dugu, aukera emanez gero, ikasleen zeharkako gaitasunak lantzerakoan gure mugak ezagutzen lagun diezagukeena.
Informazio gehiago gure webgunean:
http://www.tknika.net/liferay/web/guest/ikaskuntzakoingurunemetodologiak