Deskargatu ezazu PDF formatuan HEMEN

Editoriala

ISABEL CELAÁ DIEGUEZ HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILBURUA

Hezkuntzan berrikuntza eta sorkuntza sustatzea Praktikak partekatzea atlantiar itsasoaren bi aldeetan

Hauek dira TKNIKAn maiatzaren 2tik 4ra bitartean ospatutako TA3 Nazioarteko Sarearen hogeigarren konferentzian jorratutako erronkak.

Lehendik dauden enpresetako enplegu, industria eta abantaila lehiakor berrien sorkuntza oso egunean dago mundu guztiko gobernuetako agendetan.

Sorkuntzak, Berrikuntzak eta Talentuak elkarren beharra dutela onartzen da eta arrakastak prestakuntza eta gaitasun maila altuak dituen langile klaseaz gain, desberdin pentsatuko duena eta oso sortzailea izango dena behar du.

TA3 (Transatlantic, Technological and Training Alliance) Nazioarteko Sarearen konferentzian parte hartzen dute Lanbide Heziketa eskaintzen duten zentroek eta erakundeek, nagusiki teknologiaren alorrekoek eta Europa eta Estatu Batuetakoek. Batik bat hezkuntzaren sektoreak eta lanbide heziketa eskaintzen duten erakundeek ikasleak eta erakundeak berrikuntzarako talentuaren garapenean inplikatzeko erabili ditzaketen bideak nabarmentzen oinarritzen da, hitzarmenen sorreran eta prestakuntzako zentroak, enpresak, ikerketa-zentroak eta zentro teknologikoak inplikatuko dituzten lan-sareetako lankidetzan oinarritzen da, ezagutza eta jardunbide egokiak partekatzeko metodo gisa.

Helburu horiekin lerrokatuta eta erronka horien garapenari euskarri legala eta instituzionala eskainita, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila agintaldian bi arau garatzen ari da: Lanbide Heziketaren III. Euskal Plana eta Bizitzan Zeharreko Ikaskuntza Legea.

Lanbide Heziketaren III. Euskal Planak "Euskadin Lanbide Heziketa berria" sortzea dakar, eta hori garatuta, "herrialdeko nortasun-ikur" bihurtzea da helburua. Beharrezkoa da "Lanbide Heziketa modernoa garatzea eta ezagutaraztea, ondo diseinatutakoa eta errealitateari eta euskal gizartearen eskaera eta behar berriei atxikita".

Eusko Jaurlaritzak behin betiko testua maiatza hasieran onartzea aurrez ikusita dago.

Plan berriak LOE heziketa-ziklo berriak landu eta txertatuko ditu, on lineko prestakuntzako zentro espezifikoa izango du prestakuntza bestelako erantzukizunekin bateratzeko, Euskadiko integratutako zentroen sarea izango du eta Lanbide Heziketarako azpiegitura espezifikoen plana jarriko du abian. Horrez gain, zentroak ekipamendu berriekin modernizatzea jasotzen du.
Gobernuaren xedea euskal herritar gehienak "lanbide-prestakuntzaren eta enplegu-aukeraren arteko tandemera igotzea" da. Ziur gaude LH eredu berria "funtsezkoa" izango dela krisitik irteteko; izan ere, "adostasuna lortu du Eusko Jaurlaritzako hainbat sailen, enpresarien, sindikatuen, erakunde publikoen eta ikastetxeen artean", noranzko berean esfortzuak lerrokatuta.
Lanbide Heziketak Euskadin urteak daramatza ehun ekonomiko eta industrialeko euskal erakundeekin harremanak finkatuz eta kidetasunak sortuz, enpresetako ikasleen prestakuntza-programen bidez.

Praktika horiek ikastetxeen eta enpresen artean konfiantzazko eta ulermenezko giroa sortzeko balio izan dute eta horrek proiektu txikietako lankidetza sustatzen du, esperientzien trukea, printzipio teknologikoen indartzea, ekipamendu berrien sarrera eta erabilera eta, azken batean, lankidetzako eta sareko ikaskuntzan oinarritutako berrikuntzaren kulturaren sustapena, lehiakortasuna hobetzeko funtsezko elementu gisa.

Lanbide Heziketako sistema berria "garapen ekonomikorako motorra eta enplegagarritasun-faktorea" izango da. "Ibilbide-orri ona izango da Euskadi Europan Lanbide Heziketako erreferente bilaka dadin". "Eraldaketa" gertatzen ari da herritarren prestakuntzan, "jada ez dago ikasteko garai bat eta lanerako garai bat, orain bizitzan zeharreko ikaskuntza-prozesua dago".
Hori dela eta, Hezkuntza Sailaren beste helburu estrategikoetako bat BIZITZAN ZEHARREKO IKASKUNTZAREN LEGEA aurten onartzea da.

Bizitzan zeharreko ikaskuntzaren sustapena da XXI. mendean Europako modernizazio-prozesua bideratzen duen ekimen nagusietakoa.

Bai 2000ko Lisboako Estrategiak, bai Europa 2020 Estrategiak bizitzan zeharreko ikaskuntza sustatzeko beharra berresten dute, faktore eraldatzaile erabakigarri gisa, eta horrek ahalbidetuko du Europa ezagutza aurreratuaren gizarte eta ekonomia bilakatzea.

Herritarren hezkuntza mailaren gorakadak eta bizi-itxaropenaren igoerak, alde batetik, garapen pertsonalarekin lotutako ikasteko behar berriak sortu ditu.

Gizarte parte-hartzaileago, kultur anitzago eta iraunkorragorako aldaketek, bestalde, gaitasun pertsonalak hobetzea eskatzen dute, herritarrak gizarte konplexuagoan moldatu ahal izateko.

Era berean, pertsonek eta enpresek behar duten prestakuntza profesionala bizkor aldatzen ari da, bilakaera teknologiko, sozial eta ekonomikoaren ondorioz, eta ikaskuntzen etengabeko eguneraketa eskatzen dute.

Eszenatoki berri horretan, "Bizitzan zeharreko Ikaskuntzaren Legeak" behar hauei erantzuna eman nahi die:

  • Pertsona guztien bizitzan zeharreko gaitasunak hobetzea, gizarteratzea eta lanean txertatzea bermatzeko beharrezko oinarrizko gaitasunak eskuratzeari lehentasuna emanda.
  • Pertsonen prestakuntza-ibilbideak malgutzea, hezkuntza formalean, ez-formalean eta informalean eskuratutako ikaskuntzako emaitzak aitortzea ahalbidetuko duten sistemak finkatuta.
  • Prestakuntzarako sarrera erraztea, nagusiki, informazioaren eta komunikazioaren teknologiek eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatuta.
  • Bizitzan zeharreko ikaskuntzaren kalitatea eta eraginkortasuna hobetzea ahalbidetuko duten sistemak garatzea.
  • Bizitzan zeharreko informazio-, aholkularitza- eta orientazio-zerbitzuak eskaintzea, pertsonen garapen pertsonalerako eta profesionalerako aukerei buruz.
  • Bizitzan zeharreko ikaskuntzarekin lotutako ekimen publikoak eta sozialak koordinatzea.

Legeak, ildo horretatik, datozen urteetan helburu horiek lortzeko orientatzea eta aurrera egitea ahalbidetuko duen oinarrizko jarduera-testuingurua finkatzeko bokazioa du, pixkanaka bizitzan zeharreko ikaskuntzarako eremu partekatua, malgua eta koherentea konfiguratuta eta euskal hezkuntza-sistemako heziketa eta prestakuntza mailak integratuta.


Batez bestekoa (0 Botoak)
Batazbesteko balorazioa 0.0 izar, guztira 5.