Ikaskuntzarako eszenatokiak
Zergatik erabaki zenuen ikaskuntzarako eszenatokien proiektuan parte hartzea?
Ana Monge Arocena
Ixa Imaz Bengoetxea
Tolosako Inmakulada Ikastetxea
Haur Hezkuntza, Farmazia eta Parafarmazia Teknikaria, Diagnosi Irudia eta Erizain Laguntzailea
Jesús Ezquerro Alfaro
IES HERNANI BHI
Instalazio elektrikoetako eta automatikoetako erdi mailako zikloa
Joseba Ramos García
Goierri Eskola
Informatikako eta telekomunikazioetako sistemen goi mailako zikloa
Juan Escudero Ayuso
OTXARKOAGA LANBIDE HEZIKETAKO ZENTROA
Soldadura eta galdaragintzako erdi mailako lanbide zikloko irakaslea
A.M.-I.I. Batez ere teknologia berrietan eta irakasleen prestakuntzan hobetzeko, ikasgelako lanari dagokionez. Bi urte inguru generamatzan gaitasunak lantzen, baina irizpideak batzeko, lan egiteko modua aberasteko, esperientziak partekatzeko eta ematen ari ginen lehen urratsetan edo aldaketetan norbaitek orientatzea behar genuen.
J.Ez. Ikastetxean sail bakoitzeko pertsona bat joateko aukera planteatu zen, eta eska zezakeen arduraldia zela eta, hasieran saltsa gehiagotan sartzeko uzkur agertu nintzen arren, azkenean izena eman nuen, gai pedagogiko horiek beti gustatu izan baitzaizkit eta ikasleak gero eta urrunago ikusten ditudalako eta gero eta zailagoa delako haiengana heltzea.
J.R. Joan den urtean, Goierri Eskolan proiektuetan oinarritutako ikaskuntza-metodologia berrikusi genuen eta 2010-2011 ikasturterako berritu egin genuen, gaitasunetan oinarritutako ikaskuntzarekin bateratzeko asmoz.
Berrikuntza-prozesu horretan, Ikaskuntzarako eszenatokien proiektuaren eskaintza heldu zen ikastetxeko talde pedagogikora eta teknologia berriekin zerikusia duen guztian esperientzia eskuratzeko eta partekatzeko aukera oso egoki eta interesgarria iruditu zitzaidan.
J.Es. Ikastetxeko zuzendaritzak proposatu eta interesgarria iruditu zitzaidan.
Orain arte jasotako prestakuntzak aldaketarik ekarri al du irakaskuntza ulertzeko duzun moduan?
A.M.-I.I. Batik bat zeharkako gaitasunak edo gaitasun orokorrak ikasgelan lantzen lagunduko digu (horrek dakartzan aldaketekin)
- Irakaskuntzan oinarritutako hezkuntzatik, ikaskuntzan oinarritutako hezkuntzara.
- Irakasteko moduaren kezkatik, ikaskuntza eraginkorra sortzeko moduaren kezkara.
- Irakasleak irakastea garrantzitsutzat jotzen duenetik, ikasleak ikastea garrantzitsua den horretara.
- Metodologia tradizionaletik, metodologia interaktibo berrietara.
- Ebaluazio tradizionaletik, ebaluazio-modalitate berrietara…
J.Ez. Nik uste dagoeneko argi nituela ideia horietako batzuk, baina horietan sendotu egin naiz eta metodologia desberdinak praktikan jartzera animatu naiz.
J.R. Ez irakaskuntza ulertzeko moduan, hain zuzen, aldaketan sinisten duen irakasleen taldekoa naiz, hau da, irakaskuntzak egungo eta etorkizuneko beharretara egokitzeko egin behar duen aldaketaren aldekoa. Hori dela eta, Ikaskuntzarako eszenatokien proiektuko oinarriekin hasieratik bat natorrela uste dut.
Ikastaroan parte hartzen dudanetik aldatu dena klasean emandako planteamendu berriak modu egokian prestatzeko eta planifikatzeko ditudan tresna eta baliabide kopurua da.
J.Es. Irakaskuntza ulertzeko modua aldatzea baino gehiago, prestakuntza horrek, ikasturteko hainbat unetan oso aprobetxagarriak diren metodologia didaktikoekin, klaseak emateko modua osatzen duela pentsatzen dut.
Nola balioetsiko zenuke Ikaskuntzarako eszenatokien proiektuan jasotzen ari zaren prestakuntza? Zer nabarmenduko zenuke?
A.M-I.I. Ikaskuntzarako eszenatokien proiektuan jasotzen ari garen prestakuntza oso positibotzat joko genuke, batik bat honako hau nabarmenduta:
- Proiektua osatzen duen taldearen maila eta esperientzia.
- Landutako metodologiak praktikan jartzeko aukera (gainbegiraketarekin eta orientazioarekin).
- Hainbat ikastetxe, ziklo edota irakasleren artean esperientziak partekatzeko aukera.
- Metodologien malgutasuna; modulura, unitate didaktikora, irakasleengana eta ikasleengana egokitu ahal izateko konbinazioen aukera mordoa…
J.Ez. Oso positiboki. Lehen ere esan dudan moduan, hasieran nahiko uzkur agertu nintzen izena ematerakoan, baina berehala jabetu nintzen interesgarria izan zitekeela eta dagoeneko aplikatu dut ikasgelan ikasitako metodologiaren bat.
Saioetako laneko giroa, jardunaldi bakoitzeko antolaketa eta irakasleen kalitatea nabarmenduko nituzke.
J.R. Egin dezakedan balioespen orokorra oso ona da. Txostengileek alderatutako esperientzia agertu dute azaldutako gaietan eta proposatutako jarduera praktikoetan.
Proiektuaren hasierako jardunaldietan zenbait aurkezpenekin jasotako enpresa alorreko ikuspuntua nabarmendu nahi nuke ordea. Gogoan dugu beti irakaskuntzaren ikuspuntua eta garrantzitsua den arren, oso garrantzitsua da enpresek kanpotik nola ikusten gaituzten kontuan hartzea.
J.Es. Metodologia mota bakoitzean adituak direnek eskainitako prestakuntza ona dela uste dut, bertaratutako irakasle guztiek ikastaroan aktiboki parte hartzen dutela nabarmenduta.
Zertan hobetu da ikasleei zure ikasgaian eta oro har eskainitako zerbitzua?
A.M.-I.I. Oraindik ere ikaskuntza-prozesuan egon arren, esperientzia txikiak ikasgelara eraman ahal izan ditugu eta metodologia horiek gaitasun orokorrak edo zeharkakoak modulu edota unitate didaktiko orotan txerta daitezkeela egiaztatu ahal izan dugu. Horrek ikaskuntzako emaitzak, gelako lana eta ebaluazioa hobetzea ekarri du.
J.Ez. Metodologia mota desberdinak landu aurretik egindako aldez aurretikoan oso argigarria izan zen jakitea ikasleek zenbat denbora behar duten irakasleek azaltzen behar izan dutena ahazteko. Ikasgelako arbelean egindako azalpenetan egindako esfortzua, gaiei emandako birak, jarritako ustezko adibide argigarriak, modu desberdinetara azaltzea... hori guztia ikasleek 10 minutura edo lehenago deskonektatzeko.
Hori dela eta, teoria gutxiago eta ariketa praktiko gehiago egiten ahalegintzen naiz, ideia nagusiak sendotuta eta funtsezko kontzeptuak gutxienez haien buruetan gera daitezen, logika, arrazoia... bilatuta.
J.R. Irakasle ona dena beti ahalegindu da ikasleek ikasgaia gutxieneko ideia argiekin eta etorkizun profesionalerako ondo definitutako gaitasunekin amai dezaten. Gaur egun nahi den informazio guztia saguarekin klik eginda eskuragarri duen ikasleak hori barneratu eta ideiak eta gaitasunak bere egin ditzan lortzea da arazoa.
Ildo horretatik, txostengileen esperientziak eta Ikaskuntzarako eszenatokien proiektuan aukera didaktiko gisa ikusten ari garen metodologia berrien sortak pentsarazten didate interes handiagoa sor dezakedala eta metodologia berriekin tradizionalekin baino emaitza hobeak lor ditzakedala ikasleengan.
J.Es. Aurrez hala pentsatzen banuen ere, ikastaroari esker argiago ikusten dut zeinen garrantzitsua den talde-lana eta ikasleengan zeharkako gaitasunak garatzea, ikaskuntza-metodo guztietan.