Urrutiko Lanbide Heziketa
Esperientzia pilotu horrek aurreko modulu horietan matrikulatutako 150 ikasle izan ditu ikasturte honetan.
Urrutiko Lanbide Heziketak modu esperimentalean joan den ikasturtean ekin zion Euskadin. Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetzaren proiektu horretan bi ikastetxek hartu zuten parte: Irungo Plaiaundi BHI eta Bilboko Eskurtze BHI.
Hasieran bi ziklotako moduluak eskaini ziren: Haur Hezkuntzako Goi Mailako Prestakuntza Zikloa eta Arreta Soziosanitarioko Erdi Mailako Heziketa Zikloa.
Ikasturte honetan Haur Hezkuntzako Goi Mailako Zikloa eskaini da eta beste zentro baten laguntza izan dugu: Gasteizko Francisco BHI.
Hauek izan dira eskainitako prestakuntza-moduluak:
LOGSE plana:
- Garapen sozio-afektiboa familiekin parte hartuz.
- Haur-jolasa eta horren metodologia.
HLO plana:
- Garapen kognitiboa eta motorra.
- Haur-hezkuntzaren didaktika.
- Autonomia pertsonala eta haur-osasuna.
- Lanerako Prestakuntza eta Orientabidea.
- Enpresa eta ekimen ekintzailea.
- Lehen laguntza.
Esperientzia pilotu horrek aurreko modulu horietan matrikulatutako 150 ikasle izan ditu ikasturte honetan.
Urrutiko Lanbide Heziketaren bilakaerak 2011-2012 ikasturtean institutu berria martxan jartzera eraman gaitu. Urrutiko Lanbide Heziketako BHI deituko zaio. Gasteizen izango du egoitza eta zentro laguntzaileen sarea izango du lurralde historikoetan, eta horietan egingo dira derrigorrezko presentziazko praktikak eta presentziazko ebaluazio-probak.
Urrutiko Lanbide Heziketan hainbat izaeratako moduluak eskainiko dira. Alde batetik, urruneko modalitatearen bidez % 100 eskaini ahal izango direnak izango ditugu. Beste modulu batzuk zentro laguntzaileetan eskuratutako ezagutzen zatia nahitaez praktikan jartzea eskatuko dute eta, azkenik, izaera praktiko handia dela eta, guztiz modu presentzialean egin beharko diren moduluak egongo dira.
Jarduera telematikoen (urrutitik landutakoan) xedea ikasleak unitate bakoitzeko informazioaz jabetzea da. Mota askotarikoak izan daitezke: ariketak, galdeketak, eztabakaidak, jolasak... Bakoitzak erritmo eta entregatzeko mugaegun jakina izango ditu eta horietan parte hartzea balioetsi edo eskatuko da.
Jarduera presentzialei dagokienez, moduluaren programaketan finkatuko da horien izatea, iraupena eta kokapena. Derrigorrezko jarduerak dira; izan ere, horietan lantzen dira Lanbide Heziketari dagokion titulua eskuratzeko oinarrizko esku-gaitasunak. Aurrez ikusitako jarduera presentzialen % 30era ez joateak moduluaren kalifikazio negatiboa ekarriko du.
Engranaje horrek asmo handiko proiektu horretan parte hartzen duten irakasleen lan zorrotzari esker funtzionatzen du. Irakasleen eta ikasleen artean finkatutako harremanak ezinbesteko garrantzia du irakaskuntza mota horretan, irakasleek ikaskuntza-prozesuaren jarraipen zorrotza egiten baitute.
Irakasleek etengabe jasoko dute ikasleen bilakaerari buruzko informazioa. Orientabideak emango dituzte, edukiei buruzko kontsultak ebatziko dituzte eta planteatutako jarduerak zuzenduko dituzte. Hori dela eta, ikasleekiko interakzioan erantzuteko gehieneko epeak finkatu ditugu. Irakasleek gehienez 24 ordu izango dituzte zalantzak argitzeko (eskola-garaian) eta ikasleek gehienez 2 asteko epean jakin ahal izango dituzte egindako azken unitate didaktikoko emaitzak.
Badakigu modalitate horrek ikasleen dedikazio berezia eskatzen duela. Helburuak lortzeko etengabeko esfortzua, ekimena eta partaidetza aktiboa beharko du jarduera kolektiboetan, foroetan, txatean eta abarretan.
Irakaslearen eta ikaslearen arteko komunikazioa asinkronikoki eta sinkronikoki egingo da.
Aurrez grabatutako komunikaziorako edo komunikazio asinkronikorako tresnen artean (une berean bi alderdien presentzia beharrezkoa ez den komunikazioa) foroa, egutegia eta posta elektronikoa nabarmenduko ditugu.
Foroak funtsezkoak dira eta honela egituratuta daude:
- Albisteen foroa: irakasleek ikasturtean ohar garrantzitsuak adierazteko erabilitako iragarki-taula modukoa.
- Moduluko foro orokorra: modulu bakoitzarekin lotutako gai orokorrak planteatzeko balio du. Moduluko irakasleak zuzentzen du, baina irakasle guztiek har dezakete parte.
- Unitate didaktikoko foroa: gai zehatzagoetan oinarritua, irakasten ari den unitate didaktikoan garrantzi berezia dutenetan, eta jarduera kolektiboei leku esanguratsua eskainita.
Egutegiaren bidez, irakasleak ikasturteko une garrantzitsuenak nabarmenduko ditu: epeak, ekitaldiak, azterketa-egunak eta abar.
Posta elektronikoa ere erabiliko da komunikabide zuzenago eta pertsonalago moduan, nahiz eta plataformako komunikazio-tresna kolektiboei lehentasuna emateko ahalegina egingo den.
Horrez gain, aisialdirako txokoa dago, hau da, ikasleek kudeatutako eta erabilitako topalekua eta hor ez dute irakasleek parte hartuko.
Zuzeneko komunikaziorako edo komunikazio sinkronikorako tresna gisa (bi solaskideek denboran bat etorri behar duten komunikazioa), txatak, telefono bidezko harremana eta harreman pertsonala finkatu dira. Horietako bakoitzerako arreta-ordutegia jarri da.
Moduluen ebaluazio-sistemak bi proba mota konbinatzen ditu: Proba telematikoak eta presentziazko azterketak:
Proba telematikoak ikasleak ebatzi eta entregatzen dituen lanak dira, irakasleak plataforman ezarritako epeen barruan. Bi unitate jarraituetan edo ikasturteko unitate didaktikoen % 30ean lanak ez entregatzeak kalifikazio negatiboa ekarriko du dagokion moduluan.
Irakasleak zenbait lan aldez aurretik entregatzeko aukera eman dezake, horiek zuzendu, akatsak adierazi eta berriro egiteko aukera emanda.
Presentziazko azterketak erreferentziazko zentroan egingo dira, data eta lekua aldez aurretik adierazita. Lanbide Heziketako presentziazko modalitatean egindakoen antzeko ohiko azterketak dira.
Hiru ebaluazio-saio mota daude:
- Ebaluazio partziala, derrigorrezkoa ez dena, ordura arte ikasitako materia libratzeko.
- Amaierako ohiko ebaluazioa, derrigorrezkoa moduluan matrikulatutako ikasle guztientzat.
- Amaierako ezohiko ebaluazioa, derrigorrezkoa amaierako ohiko ebaluazioa gainditu ez dutenentzat.
Modulu bakoitzeko kalifikazioa ebaluazio-tresna hauetan oinarrituta kalkulatuko da:
- Jarduera kolektiboetako edo pertsonaletako (foroak) partaidetza, guztizko kalifikazioaren % 10ean balioetsiko da.
- Plataformaren bidez entregatutako unitate didaktikoetako ebaluazio-jarduerak. Horien balioa guztizko kalifikazioaren % 45 izango da. Beharrezkoa izango da 5eko kalifikazioa lortzea kalifikazio orokorra izateko.
- Presentziazko ebaluazio-jarduerak (azterketak), aurreko ebaluazio-jardueretako lorpenak eta egintzak beste modu batera agerian jartzea dute xede. Horien balioa guztizko kalifikazioaren % 45 izango da. Beharrezkoa izango da 5eko kalifikazioa lortzea kalifikazio orokorra izateko.
10 punturen arabera kalifikatuko da, eskala guztiak eraldatuta. Ebaluazio partziala gainditzeko, 6/10 kalifikazioa behar da eta amaierako ebaluazioak gainditzeko 5/10.