Ikastetxeentzako atarien zabaltzea abian da!
Sorreratik proiektuaren helburu nagusia ikastetxeetara bideraturiko barne eta kanpo komunikazioaren kudeaketarako atari bat garatzea izan da.
Urte batzuk pasa dira ikastetxeentzako atariak antolatzeko proiektua lantzen hasi zela Hezkuntza Saila. Sistemen Planean jasota, eta ondorioz ikastetxe guztien eskura jartzeko asmoz, Lanbide Heziketako hainbat ikastetxetako IKT Sustatzaile eta Sistema Administratzailek parte hartu dute beronen ezaugarrien analisi eta definizioan. Hala ere emaitzak ez dira ez berehala etorri; naiz eta orain dela urte bete eskas, 13 ikastetxetan froga pilotu gisa webgune berriak ezarri, alde batetik Hezkuntza Sailerako muntatu den Datu Prozesurako Zentroa (DPZ) berriaren ezarpenean eta bestalde intranetaren definizioan izandako atzerapenen ondorioz, urte hasierarako martxan jarri nahi zen zabaltze prozesua apirilean jarri da abian azkenean.
Sorreratik proiektuaren helburu nagusia ikastetxeetara bideraturiko barne eta kanpo komunikazioaren kudeaketarako atari bat garatzea izan da, elkarlanerako, dokumentu kudeaketarako eta ikaskuntza prozesua indartzeko erreminta sorta bat eskuragarri jarriz. Helburu honen zerbitzura jarri dira momentu honetan erreferente diren software askeko hiru erreminta: Liferay, eduki kudeaketarako erreminta gisa; beregain ezarri dira ikastetxeetako webgune eta intranetaren atalik nagusienak. Alfresco, dokumentu kudeaketarako erreminta gisa; ikastetxeen intranetetan dokumentuen kudeaketak sortzen dituen beharrei erantzuteko. Eta azkenik, Moodle, ikaskuntza prozesuak eLearning edukiez lagundu eta indartzeko ikaskuntzako plataformarik hedatuenetarikoa.

Lehen fasean, atariak irakasle, ikasle eta pertsonal ez-irakaslearengana iritsi nahi du. Ahantzi gabe, azken helburu gisa hezkuntza komunitate osora jo behar dugula, besteak beste, enpresetara, ikasle ohietara, ikastetxe arteko taldeetara, ... ez bai legoke hezkuntza ulertzerik hauek albo batera utziz.
Proiektuak ikastetxeen artean izan duen harrerari buruz berriz, ikastetxe publikoei zuzenduriko zabaltze prozesuaren lehen fase batean, Lanbide Heziketako 33 ikastetxek, beren Interneteko presentzia, ikastetxeko elkarlana, barne komunikazioa eta dokumentuen kudeaketa bereziki hobetzeko asmoz, izen-eman dute. Honela, lehen urrats bezala, apirila eta maiatzean zehar gauzatu dira atari proiektuaren zutabe nagusien inguruko prestakuntzak. Hala nola, webgunerako edukien sorrera eta administrazioa, intraneterako edukien sorrera eta administrazioa eta ikaskuntzarako plataformako administraziorako ikastaroen bitartez.
Zabaltze prozesu honen xedea kontutan harturik, atarien atal nagusienen prestakuntza saioen gidaritza IKATE taldeak hartu dugu. Geure gain, jakin badakigulako, prestakuntza arrunt bat ez dela izango, hausnarketa eta konponbide desberdinak lantzen joango diren gune bat sortu nahi dugulako. Berdinen arteko lankidetza eta elkarlanerako gunea, denboran zehar mantenduko den ikasteko gunea.
Lehen prestakuntza saioak amaitu berri ditugun honetan, esan beharra dago orain hasten dela ikastetxeetan benetako zabaltze lana. Zabaltze honetan parte-hartu behar duzuenok, ondorengo hilabeteetan jorratu beharreko lanetan bidelagun izango gaituzue IKATE taldea, bai kezkak argitzen, baita beharrezko diren prestakuntza saioak antolatzen eta bereziki, proiektuaren ezarpena sustatzen eta ikastetxeen artean berauetatik eratorritako praktika hoberenak denen eskuragarri jartzen.
Halaber, proiektu honek ikastetxeen prozesu nagusien euskarri gisa izango duen garrantzia eta epe ertaineko ibilbidea aipatu nahi genituzke. Alde batetik, esan bezala, bere jo-muga komunikazio, administrazio eta ikaskuntza prozesuak sendotzea izango delako, eta bestetik, helburu berdinarekin Hezkuntza Saileko hainbat ikastetxe teknologia eta helburu amankomun batzuen inguruan elkarlanean izango ditugulako, elkarrengandik ikasiz, egindakoak elkarbanatuz, ..., komunitatea sortuz, alegia.