Parke eolikoen mantentze-lanetarako proiektua
2008ko otsailean, TKNIKAk energia eolikoari buruzko proiektua aurkeztu zuen eta urte bereko irailean Parke Eolikoen Mantentze-lanetarako taldea osatu genuen.
Hainbat ikastaroren bidez jasotako beharrezko prestakuntzaren ostean eta sektorea gertuagotik ezagutzeko eta prestakuntzako beharrak atzemateko enpresetara egindako bisiten ondoren, ikuspegi orokorragoa izateko azoketara bisitak egin ostean eta abar, aerosorgailu orokorrekin eta espezifikoekin lotutako ikastaroen bidez prestakuntza eskaini du proiektuak, azkenik, sortutako materiala Lanbide Heziketako Zentroetara eramateko.
Harremana izan dugun enpresen artean daude: EEE (Energiaren Euskal Erakundea), parke eolikoen zatiren baten produkzioarekin lotutako enpresak, hala nola Equipel, Echesa, Navacel, Mesa, Aeroblade, Lakber, Gamesa-Lerma, Mtorres eta Hilfa tailerrak. Horiei guztiei laguntza eskuzabala eskertu nahi diegu, baita Zigor enpresari ere, egin dugun minieolikoaren azterketan.
GES-SIEMSA enpresarekin izan dugun lankidetza estua nabarmendu behar dugu; energia berriztagarrien sektoreko prestakuntzan eta mundu mailan parke eolikoen mantentze-lanetan aritzen da. Gijón-go instalazioetan eskainitako ikastarora joan eta aerosorgailu handiarekin praktikatzeko zortea izan dugu.
Gure proiektua krisiarekin batera etorri da eta horrek asko eragin dio. Helburuetako bat jendearen prestakuntza azeleratzea zen, sektoreko enpresetan sartu aurretik. Hori ezin izan da egin, enpresak ez baitziren ari langileen prestakuntzan pentsatzen, Gipuzkoan Indar enpresaren kasuan salbu.
Teknologia berritzailea denez, zenbait kasutan nolabaiteko mesfidantza sumatu dugu horren ezagutza aditzera ematean.
Ez da hori izan GES-SIEMSA enpresaren kasua; izan ere, parke eolikoetako profesionalek eskainitako ikastaroek balio handia ekarri digute gure lana garatzeko. Ezagutza hori guztia azken bi urteetan eskainitako hainbat ikastarotan eta laster interesa duten Euskadiko Lanbide Heziketako Zentroetara eramango den materialean islatu da.
Aurre egin behar izan diogun beste arazo handietako bat teknologia horren diziplinartekotasuna izan da, horregatik, laneko lau azpitalde osatu ditugu: mekanizazioa, eraldaketa-zentroak, kontrol-zentroak eta mantentze-lanetako zentroak. Hala islatzen da landutako ikastaroetan eta materialetan.
Gure lana potentzia handiko aerosorgailuen azterketan oinarritu den arren, minieolikoaren analisia ere egin dugu, energia mota hori saltzeko sustagarrien faltak orain arte ia hutsal egiten zuela ondorioztatuta, isolatutako instalazioetan salbu eta normalean eguzki-energia fotovoltaikoarekin batera.
Potentzia handiko energia eolikoa ez dago partikularren eskura. Kostuaren inguruan analisia eginda, Megabatio bateko potenztia lortzeko gutxi gorabehera milioi bateko inbertsioa behar da. Ez da energiaren sorrera deszentralizatzeko modua; izan ere, aerosorgailuak parkeetan biltzen dira eta, gainera, azken urteetan makinen potentziaren gorakada izugarria izaten ari da. Sarera ia zuzenean konektatzen ziren aerosorgailu txikienetatik hasita, egungo indartsuenetara, benetan sofistikatuak diren kontrol-ekipoekin, sarera ahalik eta modurik arinenean egokitzeko.
Makina handi horiek oinarrizko funtzionamendu hau dute:
Anemometroak eta haize-orratzak haizearen abiadura eta norabidea atzematen dute. Haizearen abiadura 5 m/s edo gehiagokoa bada, kontrolatzaileak aerosorgailua haizealde kokatzeko aginduko du; hori yaw gondola bidez biratuta lortzen da, eta engranajea akoplatuta duen serbotorrean datza, hori dorrearen azken zatian kokatutako beste engranajearekin akoplatzen da eta birarazi egiten du.
Behin hori lortuta, haizearen abiaduratik ahalik eta errendimendu handiena ateratzea da helburua. Horretarako, funtsezko eginkizuna du palen aerodinamikak. Pala luzetarako ardatzaren gainean biratuta, haizearen aurka egiten duen palaren azalera areagotzea edo murriztea lortzen da, pitch sistemaren bidez. Horrela, potentzia egokia lortuko dugu modu jarraituan; izan ere, haizearen abiadura ebaluatu egiten da eta palaren posizioa zuzendu egiten da.
Bestalde, biderkatzaileko ardatzaren bira-abiadura ere neurtuko da, aerosorgailuaren eszitazioa zuzendu behar den ala ez jakiteko eta sortutako energia sarera egokitzeko.
Haizearen abiadura 5 m/s baino txikiagoa edo 25 m/s baino handiagoa bada, aerosorgailua gelditu egingo da, pitch bidez palak “banderan” jarrita, haizea falta delako edo palak abiadura handian biraraziko lituzkeelako, horrek ekarriko lukeen hausteko arriskuarekin.
Gehiago jakin nahi duenari gonbit egiten diogu TKNIKA webgunean prestatu dugun eta egindako transferentzia-jardunaldietan aurkeztu berri dugun materiala deskarga dezan.
Horrez gain, gure dinamizatzaileek egindako lana eskertu nahi dugu; Oihana Dorronsorori lehen bi urteetan egindako lanagatik eta Patxi Guardiari egun gurekin lanean diharduelako.

Lantaldea:
Sergio Zubillaga, Ruben Guenetxea, Xabier Txurruca, Jose María Barrenetxea, Juan Antonio Eizaguirre eta Iñigo Esnaola.