Eleaniztuna proiektua
Proiektu horretan parte hartzeak zer ekarri dizu maila profesionalean eta pertsonalean? Nola bizi izan duzu prozesua?
Enrique Echevarria Calvo
Tartanga Erandio glhbi
Zikloa: aplikazio informatikoen garapena. Modulua: egituratutako hizkuntzen programazioa.
Alfonso C. Vallejo
Tartanga Erandio glhbi
Zikloa: ikus-entzunezkoen eta ikuskizunen errealizazioa
Jone Etxebeste Goikoetxea
Susana Espilla Guenaga
IES Zubiri Manteo BHI
Administrazioa eta Finantzak Heziketa Zikloa
Amaia Sainz-aja Martin
Tartanga Erandio glhbi
Ikus-entzunezkoen eta ikuskizunen errealizazioko eta Aplikazio informatikoen garapeneko zikloak
A.V. Maila profesionalari dagokionez, Lanbide Heziketaren testuinguruan berrikuntza-prozesuan aktiboki parte hartzea ekarri dit eta maila pertsonalean, berriz, ingelesean zenbait gaitasun garatzea eta eguneratzea, eguneroko bizitzan gutxi erabiltzen baitut hizkuntza hori eta estalian baitzegoen. Prozesuaren bizipena asebetegarria izan da; izan ere, ikasleen erantzuna positiboa eta jarraitua izan da Tartanga GLBHI zentroko Film and Video Directin moduluan eskaini ditudan lau ikastaroetan, Ikus-entzunezkoen eta ikuskizunen errealizazioko Heziketa Zikloaren barruan. Oro har, positiboa izan da, bestela zalantzan jarriko nuen eredu eleanitzean jarraitzea.
A.S. Eleanitz proiektuan parte hartzea esperientzia oso positiboa eta interesgarria izan da; maila profesionalean aurrez eskuratutako ezagutza linguistikoak eta metodologikoak praktikan jarri eta klasera eraman ahal izan ditut. Maila pertsonalean, Europako hainbat mugikortasun-programetan parte hartzeko aukera eskaini dit, Academia edo Comenius kasu.
E.E. Proiektuari esker, informatikako zikloaren eta nire irakasle-lanaren balioa handitu da. Nire ingeles mailak hobera egin du proiektuari esker. Alde batetik, Hizkuntza-eskolako irakasleek eta ikastaroek horretan lagundu dutelako eta, bestetik, klasea ingelesez eman behar izateagatik.
J.E.-S.E. Proiektuarekin bat egitea erronka profesionala zein pertsonala da. Eskatzen duen esfortzua oso handia da. Donostiako HEOn jasotako prestakuntza funtsezkoa izan da klaseak ingelesez eman ahal izateko.
Hasiera batean ingeles maila ona izatea nahikoa zela pentsatzen genuen. Proiektuari ekin genionean, Donostiako HEOn jabetu ginen lanbide-heziketako ikasgaia ingelesez emateak metodologia berriak erabiltzea, ikasgelak kanpora zabaltzea eta eskainitako ikasgaiarekin bat datozen proiektuak garatuz Europako beste zentro batzuekin lan egitea esan nahi zuela. Horretarako, plataforma birtualak erabiltzen ditugu eta Europako Life Long Learning proiektuetan hartzen dugu parte. Une honetan íGO ON, employ me!! delako proiektu interesgarriarekin gabiltza, Ingalaterrako, Norvegiako eta Alemaniako zentroekin eta bertan lan-merkatua, prestakuntza-beharrak eta abar aztertzen ditugu. Bi topaketa egin ditugu, bata otsailean Sogndalen (Norvegia) eta bestea apirilean Belfasten (Erresuma Batua). Datorren ikasturterako beste bi topaketa programatu ditugu, Alemanian eta Donostian.
Bestalde, bi LEONARDO proiekturen ebazpenaren zain gaude:
- Elkarte aldeaniztuna; bertan ikasleek Kroazia, Ingalaterra, Grezia, Bulgaria, Turkia, Lituania eta Esloveniako kideekin batera enpresa sortzeko urrats guztiak emango dituzte.
- TOI proiektua –Transfer of Innovation–, ekintzailetzaren alorra landuko duena. Zubiri Manteo BHI zentroak horrelako proiektu batean parte hartu duen lehen aldia da.
Zertan hobetu da ikasleei zure ikasgaian eta oro har eskainitako zerbitzua?
A.V. Ikasturtez ikasturteko emaitza akademikoetan oinarritutako moduluko programaren finkapenean eta gero eta ikasle gehiagok beren LP Europar Batasuneko herrialdeetan garatu ahal izateko aukeretan.
A.S. Ingelesez ematen dudan ikasgaia LPO (Lanerako Prestakuntza eta Orientabideak) da eta, besteak beste, gai hauek lantzen ditu: ikasleak enpleguaren bilaketa aktibora bideratzea, aurkezpen-gutunak idaztea, curriculuma, laneko elkarrizketak eta abar. Jarduera horiek ingelesez egitearekin, hizkuntza horretako gaitasun linguistikoak hobetzen laguntzeaz gain, Europako mugikortasun-proiektuetan parte hartzea ahalbidetu die, Erasmus programan, esaterako, eta horri esker gure ikasle asko egun Europako hainbat herrialdetako enpresetan praktikak egiten ari da.
E.E. Ikastaro horietan parte hartzen duten ikasleentzat erronka berria izan da eta da. Gaztelaniako ikasleen taldearengan ere eragina izan du, bigarren hizkuntza menderatzea garrantzitsua dela ikusi baitute.
Interneten dagoen material ugariari esker prestatu ahal izan da modulua ingelesez. Euskarri horrek hizkuntzarekin laguntzeaz gain, irakatsitako materiarekin ere lagundu dit, "Egituratutako hizkuntzen programazioan" hain zuzen.
J.E.-S.E. Emaitzak balioesteko oso goiz bada ere (izan ere, txertatutako lehen ikasturtea izan da), ikasleek gaitasun linguistikoetan eta komunikazio-gaitasunetan hobera egin dutela esan daiteke.
Klaseak aktiboak dira, hau da, ikaslea ez da hartzaile soila, baizik eta bertan parte hartu behar du. Interakzioa dago, bai ikasleen artean, bai beste zentro batzuetako (atzerrikoak) ikasleen artean. Elementu hori motibagarria dela ikusi dugu, ikasleak parte hartzen du eta esfortzu handiagoa egiten du lanean (ez du gustuko barregarri geratzea eta, beraz, lanaren kalitateak onera egiten du).
Zer zailtasun topatu dituzu? Eta nola egin diezu aurre?
A.V. Erreferentziazko liburuak ingelesez topatzea benetako oztopoa zen. Bilboko liburu-denda espezializatuek ikasleei testu jakinak ingelesez eskuratzeko erraztasunak eman dizkiete. Bestalde, Internetek gaiari buruz eskuragarri jartzen dituen artikulu eta apunte ugariak aukera interesgarria dira. Bestalde, oso zaila da bideo-praktikak ingelesez grabatzea, heziketa zikloko ikasleekin aktore gisa laguntzen dutenen ingeles maila urria dela eta. Oraingoz irtenbideak lausoak dira eta, beraz, bideo-ariketak gaztelaniaz egiten dira.
A.S. Zailtasun handiena material-faltak eragindakoa izan da; izan ere, ez dago eman beharreko unitate didaktiko guztiak dituen ingelesezko testu-libururik, hala ere, pixkanaka ari gara hainbat material sortzen eta hainbat tresna erabiltzen, hala nola Moodle plataforma, eta esfortzu handiagoa eskatzen duen arren, emaitzak oso positiboak izaten ari dira.
E.E. Ikasleei kosta egiten zaie ingelesez egitea taldean daudenean, baina ez da hala gertatzen maila pertsonalean. Ikasleren bat ingelesez egitera animatzeak besteak ere ingelesez egitera animatzen ditu.
J.E.-S.E. Topatutako zailtasunak ez dira beste hizkuntza-eskakizun batzuetako taldeetan topatutakoez bestelakoak. Ikasleen aniztasunak zailtasunak ekar ditzake, baina aldi berean aberasgarria ere bada eta hori da gure kasuan gehien nabarmendu dezakegun alderdia.
Zure iritziz, zein izan da proiektuan parte hartu duten ikasleek emandako erantzuna?
A.V. Emaitza akademikoek erakusten dutenez, zikloko ikasleen erantzuna aldekoa izan da eta hori Komunikazio, Irudi eta Soinu Sailari dagokionez sustagarritzat jo da, esperientzia aitzindariak ez baititu hasieratik emaitza positiboak bermatzen eta Tartangaren kasuan hala gertatu da.
A.S. Ikasleen erantzuna oso positiboa izan da. Oro har, oso motibatuta daude eta ikasgaiak hainbat hizkuntzatan ikasteak edukien bidez gaitasun linguistikoak hobetzen laguntzen diela jabetzen dira eta, horrez gain, lanaren alorrean eta alor profesionalean ate berriak zabaltzen lagun diezaiekeela ohartzen dira.
E.E. Oso positiboa.
J.E.-S.E. Ikasleen erantzuna oso positibotzat jotzen dugu. Gero eta kontzientzia handiagoa dugu hizkuntza-beharrei dagokienez eta hori aurre-matrikulan islatu da, izan ere, % 50 baino gehiago egin du gora.
Nola balioesten dute zure esperientzia?
A.V. Prestakuntzaren balio erantsitzat jotzen dute, ikus-entzunezkoen munduak proiekzio logiko eta nabarmena baitu ingelesez, bai produkzio-bolumenari dagokionez, bai aukera profesionalei dagokienez eta ez nazioartean bakarrik.
A.S. Ikasleek oso positiboki balioesten dute esperientzia. Proiektu eleaniztunaren bitartez ikasgairen bat beste hizkuntza batean hautatzeko aukera duen ikasle oro animatuko nuke, ez dezala zalantzarik egin eta aukera aprobetxa dezala.
E.E. Esperientzia horretako parte-hartzaileek aukera ona izan dela ikusi dute. Informatikaren munduan eta Europako beste profesional batzuekin harremanetan jartzerakoan ingelesaren ezagutzak duen garrantziaz jabetuta daude. Talde txikiak izatea positibotzat hartzen dute, hartara tratua pertsonalizatuagoa baita.
J.E.-S.E. Oso positiboa. Atzerriko ikasleekiko interakzioa bereziki balioesten dute; dituzten gaitasunez eta mugez ohartzeko eta horiek gainditzen ahalegintzeko balio die.
Bizi izandako esperientziari buruz aipatu nahi duzun beste alderdiren bat...
A.V. Oso interesgarria litzateke eredu eleanitzak aitorpen ofiziala izatea ikasleen ziurtagiri eta titulazio akademikoan.
E.E. Proiektuari esker hainbat zentrotako eta LHtako pertsonak ezagutu ditut eta denak ere egiten duten lana hobetzeko gogoz.
J.E.-S.E. Irakasleei esperientzian parte hartzeko deia egiten diegu. Ez da erraza, ezta erosoa ere, lanordu asko eskatzen ditu, baina era berean asebetegarria eta aberasgarria da.