Intranet
  
 

Deskargatu ezazu PDF formatuan HEMEN

Sare sozialak egungo komunikazioaren bilakaeran

IÑAKI TELLERIA KUDEAKETA APLIKAZIOEN KUDEATZAILEA itelleria@tknika.net

Sare sozialak egungo komunikazioaren bilakaeran

Azken hilabeteotan, sare sozialak guztion ahotan bolo bolo izan ditugu inguruko herrialdeetan ematen ari ziren erreboltak direla eta. Argi dago, sare sozialak, ez direla bere horretan errebolta horien motore izan. Ezta sikiera pizgarri ere. Baina paper nabarmena bete dute informazio-kontrainformazioaren gerran. Edozein erreboltaren funtsezko oinarri izan da beti informazioa, gerrak, informazioaren lubakietan ere era nabarmen batetan jorratu direlarik.

Emandako gertakariek erakutsi dute informazioa era ireki eta zabalean munduan zehar eta inolako aterik gabe ibili izanak informazio bide horiek kudeatu ahal dituztenak asaldatu eta erasokor jarri dituela. Adibide garbiak izan ditugu bai Tunisian eta baita Egipton ere. Erreboltaren ingurukoak era azkar eta freskoan jaso ahal izan ditugu lehen minututik, mandatariak, bide horiek moztera behartuz eta kasuan kasuko herrialdea mundutik "deskonektatuz".

Baina errebolta horietatik haratago, sare sozialek, ein handi batean, lehen mundua deritzogun horren bizimoldea ere aldatzea lortu dute. Egun, Twitter dugu adibide nagusietako bat. Bai Tunisian, Egipton edo Japonian gertatutakoak kontatzeko jendeak 140 karakteretako mezuak publikatzeko aukera ematen duen tresna hau erabili du. Momentuan momentuko krisiaren inguruko edo eta lurrikara eta tsunamiaren ingurukoak eskura izan ditugu praktikoki denbora errealean. Adibide gisa, urtarrilaren 24ean Dmitry Medveded Errusiako Presidentea, Moskuko Domodedovo aireportuan gertatutako eztanden berri Twitter bidez jaso izana eta lehen adierazpen ofiziala, momentuan bertan, Twitter bidez ere egin izana. Edo azken egunetan adibide nabarmena izan den Bin Ladenen erahilketa ia ia zuzenean Twitter erabiltzaile batek (@ReallyVirtual) kontatu izana operazioaren nondik norakoak jakin gabe edo Bildu-ren ingurukoak ia penintsula osoan eta ordu batzuz "trend topic" (gai komentatuena edo) bihurtu izana.

Sare sozialen garapen honek, kasik ohiko komunikabideen gainetik jarri ditu albiste freskotasunari eta eguneratuei dagokienez. Komunikazio tresna gisa hartu duten garrantziaren lekuko ere, alderdi politikoek sare sozialetan geroz eta gehiago lantzen ari diren komunikazio kanpainak ditugu. Egun, alderdi politiko txikienak ere, sare sozialek ahalbidetzen duten zabalpena baliatzen du ahalik eta jende gehienarengana iristeko. Eremu honetan Facebook dugu nagusi. Bertan, denek euren gogoetak publikatzen dituzte euren jarraitzaileak elikatu eta biltzen dituzte. Euren mezuen zabalpena zuzena eta azkarra da eta deialdiak luzatzeko ematen dituen aukerak ere erreztu egiten dira. Finean, ohiko komunikazio tresnek eskeintzen dutena, aterik gabeko tresna bakar batean.

Baina sare sozial hauen erabiltzaileak ez dira beti, behar bezain argiak eta euren buruak ere agerian utzi dituztela ikusi dugu azken boladan. Zentzu horretan, pertsonaia famatuen kasua da aipagarriena. Pertsonaia famatuek, euren buruak "biluzterako" bidean jarri dituzte, milioika pertsonen aurrean, Twitter bezelako erreminta batetan euren egunerokoak 140 karakteretako mezuen bidez idatziz. Euren egoera emozionalaz, egoera profesionalaz, egiten ari direnaz edo dena delakoaz aritzen dira. Batzuetan inolako eraginik lortu gabe ("informazio" hutsetik haratago) baina beste batzuetan, aurretik esan bezela, euren buruak agerian utziz. Adibide gisa David Bisbalek Egiptoko piramideen inguruan botatakoak eta ondorenera Japoniako kaltetuen oroimen gisa erabilitako #prayforjapan hashtag-a bere promoziorako erabili izana. Honelako kasuek erantzun latza izan ohi dute sarean, eta sareen bitartez lortzen den oiartzun mediatikoaren inguruko ideia argi adierazten dute.

Laburbilduz, esan liteke, sare sozialek bere horretan, jendeak elkarrekin komunikatzeko erabili ohi dituen moldeak eta bideak aldatu dituztela, onerako eta txarrerako. Beste baterako utziko dugu, beraz, sare sozialen segurtasun eta pribatutasunaren gaia.


Inprimatu
Batez bestekoa (1 Botatu)
 
  
 
© 2009 TKNIKA, Zamalbide Auzoa z/g 20100 Errenteria (Gipuzkoa), 943082900