“Erreminten kutxa” izeneko proiektuarekin lotutako prestakuntza hobetzeko asmoa dugu, eta baita proiektua erreferente bilakatzen duten ekimen berriak barne hartzeko, eszenatoki berriak eta metodologia didaktikoak erabiltzeari dagokionez.
Ikasturte berri bat hasi da eta harekin proiektu eta ekimen berriak abian jartzeko garaia iritsi da. Ikaskuntza Eszenatokien proiektuari dagokionez, aurten proiektuaren hirugarren urtea da, baina horrek ez du esan nahi inertziaren errutinan eroriko garenik. "Erreminten kutxa" izeneko proiektuarekin lotutako prestakuntza hobetzeko asmoa dugu, eta baita proiektua erreferente bilakatzen duten ekimen berriak barne hartzeko, eszenatoki berriak eta metodologia didaktikoak erabiltzeari dagokionez.
Erreminten kutxaren prestakuntza saioei dagokienez, iazko ikasturtean eskainitako prestakuntza baloratu ondoren, hainbat aldaketa egin da. Esate baterako, bitarteko hainbat saio sartu da metodologia bakoitzaren artean, irakasleek ikasitakoari buruzko gogoeta egiteko eta burututako esperientziak ikasleekin konpartitzeko, ikasitakoaz, eragindako arazoez, etab... baliatuz. Saio hauek Tknika-tik kanpo eta Bizkaiko ikastetxeren batean garatuko dira. Horrez gain, "Hezkuntzaren gaitasun generikoei" buruzko 4 saio hartu dira barne, irakasleei oinarrizko gaitasun batzuk hornitzeko asmoz. Irakasleek gaitasun horiek edozein metodologietan aplikatu ahal izango dituzte, eta baita klase magistralean ere.
Prestakuntza saio hauekiko modu paraleloan, lan taldeak bi zeregin proposatu ditu ikasturte honetarako:
Gaitasunen araberako ebaluaketa egiteko erreminta bat diseinatzea. Gure ustez, gelan metodologia aktiboak eta kolaboraziokoak alferrik aplikatuko ditugu, ikasleak modu tradizionalean ebaluatzen eta kalifikatzen jarraitzen badugu. Horregatik, irakasleek erabili ahal izateko erreminta bat sortu nahi dugu ikasleen jarraipena egiteko, zeharkako gaitasunak eta gaitasun teknikoak menperatzeari dagokienez.
Laguntzaile bat sortzea, irakasleak gaitu ahal izateko gida moduan erabiltzeko, erronkak planifikatzeko eta idazteko (adibidez, arazo bat), ikasleen ikuspegiaren arabera, horiek ebazteko, sortzaileak izateko eta soluzio berritzaileak bilatzeko. Talde batek sorkuntzaren ikuspegiari eman dakiokeen efektu bikoiztailea kontuan hartuta, proiektu honetan lankidetzako lanari bide ematen dioten formulak ere landuko dira.
Ikus daiteken bezala, planteatu ditugun erronkak asmo handikoak dira baina uste dugu horiei aurre egiteak merezi duela.