Intranet
  
 

Deskargatu ezazu PDF formatuan HEMEN

Ikate taldea heldutasunaruntz

IKATE taldea

Zentruetako IKT sustatzaileen ezaguera eta gaitasunen eskuratzea erraztea, sare lana eraginez, praktika onak sustatuz, ezagupena askatasunez konpartituz eta formazio eta erlazio egonkorren guneak sortuz.

Ikate taldea 2004. urtean sortua, gaur egun Tknikako IKT arloko taldeetako bat da. Bere historian zehar hainbat ikastetxeetako kideak izan dira bertako partaide. Gaur egun, Armeria Eskola, Tartanga, Tolosaldea, Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia eta Zubiri-Manteoko IKT sustatzaileok, Tknikako ordezkariarekin batera hartzen dugu bertan parte.

Ikate taldeak, sortu zenetik, ondoko helburua jarraituz lan egin du: zentruetako IKT sustatzaileen ezaguera eta gaitasunen eskuratzea erraztea, sare lana eraginez, praktika onak sustatuz, ezagupena askatasunez konpartituz eta formazio eta erlazio egonkorren guneak sortuz.

Geure lana burutu eta aurrera eramateko lan-bilera eta formazio saio presentzialak ez ezik, bideokonferentziak eta hainbat komunikazio erreminta, besteak beste, eztabaidaguneak eta posta distribuzio zerrendak ere erabiltzen ditugu. Bestalde, Tknikako web orrian ikate taldeak badu bere txokoa, sortzen dugun edo interesgarria ikusten dugun dokumentazioa bertan lekutzeko edo edonoren eskura jartzeko. Ahaztu gabe, ezin bestekoa dela geuretzat, inguruan (Euskal Herrian, Europan edota munduan) IKT esparruan gertatzen denari buruz adi egotea, besteen esperientzietatik ikasteko. Zaintzaile gisa adi egoteak, hainbat teknologia erabiltzera bultzatu gaitu, besteak beste, RSS jario irakurleak, sare sozialetan parte hartzea, ...

Orain artean jorratutako lanak hainbat esparrutan kokatu ditugu, garrantzitsuenak aipatzearren:

  • IKT sustaketa. IKT sustatzaileen funtzioak definitu ditugu eta ikaskuntzan IKTen erabilpenei buruzko hainbat praktika onen saioak burutu dira.
  • IKT planak. Hiru esparrutan (ikaskuntza, administrazioa eta azpiegiturak) banatutako IKT planen elaborazioan lan egin dugu. Ikastetxeetako planak ebaluatu genituen eta gaur egun ikastetxeko plan estrategikoan eta urteko planean txertatzen ditugu. Planaren ondorioz formazio plana eratortzen delarik.
  • Segurtasuna. Gaia teknikoki landu beharrean, segurtasuna estrategia gisa jorratu dugu, zentzu zabalagoa emanez. Hau kontuan izanik esparru honen barruan sustatu ditugun atalak hauek izan dira: legedia (datu pertsonalen babeserako legea, internet legea eta jabetza intelektualaren legea), erabiltzailearen formazioa (erabiltzailearen kontratua, informazio sistemaren erabilpen egokia, ...), informazio sistemaren arkitektura, atzipen fisiko eta logikoen kontrola, segurtasuna ikastetxeeko antolaketan, ...

Aurtengo ikasturterako gure lan ildo nagusiak hemendik bideratu ditugu:

  • Web atariak. Ikastetxeetako informazio arkitektura zehaztu dugu eta bertan oinarrituta eta geure interes taldeei zuzenduta (ikasleak, irakasleak, irakasle ez diren langileak, ikasle-ohiak, enpresak...) web atariak landu ditugu. Aurten web orrietako ingles komunitateak jorratuko ditugu, LH aurrera eramaten ari den internalizazioan geure ekarpena eginez eta intranetaren hedapenean ere jardungo dugu.
  • Ikastetxeetako teknologia-heldutasunaren eredua. Aurreko urteetan ereduaren definizioan parte hartu izan dugu; gaur egun, ereduak nagusiki hiru prozesu soilik aztertzen dituelarik; alde batetik ikaskuntza prozesua, bestetik prozesu administratiboak eta azkenik komunikazio eta informazio prozesua. Geure ustetan eredua hanka-motz geratzen denez, eredutik at azpiegiturak prozesua eta pertsonen konpetentziak prozesua ere landu nahi ditugu. Geure asmoa, ikastetxe sorta bat bost prozesu hauen arabera aztertzea izango da. Azterketa honen emaitzetatik lan ildoak aterako ditugularik.
  • Hezkuntza Saileko aplikazioak. Hezkuntza Saila, martxan jartzen ari den aplikatiboen hedapenean erraztatzaile gisa jokatu nahi dugu, ahal den neurrian geure eskarmentua mahai gainean ipiniz.
  • Berrikuntza laborategia. Ezin ahaztu, berrikuntza beti izango dela geure lan ardatzetako bat. Ikaskuntza eta IKTak uztartzen dituen metodo, prozedura, praktika on, gadget, traste, tramankalu, erreminta, ... berriak frogatzen jarraituko dugu eta geure oneritzia jasotzen dutenak IKT sustatzaileen sareari heleraziko dizkiogu.

Inprimatu
Batez bestekoa (2 Botoak)
 
  
 
© 2009 TKNIKA, Zamalbide Auzoa z/g 20100 Errenteria (Gipuzkoa), 943082900