For a sustainable and profitable sector in the macroalgae industry in Atlantic Europe
Makroalgen industria europarra batez ere makroalgen baliabide naturalen aprobetxamenduan oinarritzen da.
Makroalgen industria europarra, batez ere, makroalgen baliabide naturalen aprobetxamenduan oinarritzen da. Mundu mailan, produkzioak (alga arreak, gorriak eta berdeak) urtero %5,7 egiten du gora. Munduko produkzioa 2008. urtean ia 14 milioi tonara iritsi zen, inguruaren uzta eta akuikultura barne. Europan makroalgen produkzioa egonkor mantendu da 1960. urtetik, baina azken 10 urteotan behera egin du. Europako makroalgen industriaren garapena hainbat faktoreren menpe dago, besteak beste: lehengaiak modu egonkorrean eskuragarri izatea, balio erantsi handiko produktuen garapena eta garatutako eta hainbeste garatu ez diren herrien arteko ezagupenen transferentzia.
NETALGAE proiektua Herrien Garapenerako Europar Funtsak (ERDF) finantzatutako Interreg ekimenaren barruan dago. Helburua makroalgen sektoreko eragileen sare bat Europa Atlantikoan sortzea da. Sare honek honako hauek hartzen ditu barne: lehengaietako produktoreak, transformatzaileak —prozesatzaileak, teknologia hornitzaileak, kontsultariak— espezialistak, ikerketa institutuak, ingurumeneko adituak, garapen agentziak, tokiko gobernuak, talde garrantzitsuak eta gainerako interesatuak.
Interreg ekimenaren jarduera esparrua osatzen duten ia herrialde guztiek proiektu honetan parte hartzen dute; proiektu honen parte-hartzaileak erakunde publikoak edo irabazi-asmorik gabekoak dira, Irlanda, Norvegia, Frantzia, Britainia Handia, Portugal eta Espainiako makroalgen sektorean adituak.
Hauek dira parte hartzen duten erakundeak:
- Irlanda: Indigo Rock Marine Research Centre (Proiektuaren koordinatzailea), Bord Iascaigh Marha.
- Frantzia: Université de Bretagne Occidentale, Agrocampus Ouest, Syndicat Mixte pour L'Equipement du Littoral.
- Erresuma Batua: Viking Fish Farms Ltd.
- Estatu espainola: Mutrikuko Institutua, Ikaslan Gipuzkoa eta Tknika.
- Norvegia: Bioforsk.
- Portugal: Universidade do Algarve.
NETALGAE proiektua 2010. urtean hasi zen eta hiru urtez iraungo du (2010-2012), 2.160.088€-ko aurrekontuarekin, Herrien Garapenerako Europar Funtsak haren %60 finantzatuta.
Sare bat eraginkorra izan dadin negozio erreminta eraginkorrak eta zehatzak sortu behar dira. Horiek batera garatu beharko dira, besteak beste: datu baseak, web orriak, merkataritza direktorioak, prestakuntzarako material zehatza, etab.
Makroalgen sektorea landa gunetan eta isolatuta dauden gunetan batez ere garatu den industria da, beraz sektorea oso heterogeneoa da sistemei, teknikei, etab. dagokienez, eta baita jardueraren legeei, erregulazioari eta kontrolari dagokienez. Sektorea sakabanatuta dagoenez, burutu den lehenengo lana landa-azterlan bat izan da egungo egoeraren diagnostiko bat lortzeko eta makroalgen sektoreak Atlantikoaren esparruko herrialdeetan izandako eboluzio historikoa ezagutzeko.
Sektoreari buruzko diagnostiko lana egin ondoren, une honetan helburu nagusia sektorean inplikatutako ahalik eta eragile gehiago proiektuan parte hartaraztea da. Hainbat ikerketa jarduera burutu behar da nahita nahiez praktika onen eredu bat ezartzeko eta itsas makroalgen baliabideak merkataritzan errentagarritasunez eta modu iraunkorrean erabiltzeko politikak proposatu behar dira.
Proiektuaren amaieran industriako egoeraren irudi argia eta benetakoa lortuko da eta Europa mailan zein tokikoan gomendioak eman ahal izango dira sektorearen garapen iraunkorrerako eta errentagarrirako. Proiektuaren amaierako helburua makroalgen sektorerako erreminta erabilgarriak sortzea da, sektorea modu iraunkorrean eta errentagarrian garatu ahal izateko. Erreminta horiek sektoreko enpresa txikiei eta ertainei zuzentzen zaizkie bereziki, honako hauek barne: uzta-biltzaileak, enpresa transformatzaileak eta ikertzaileak, tokiko gobernuak, ekologistak, arrantzaleen kofradiak, teknologia berrien hornitzaileak, etab. Garapen fasean dagoen erreminta bat proiektuaren web orria da: www.netalgae.eu
Lan guztia sektoreko enpresekin batera burutzen da, sektorea bera garatzeko erremintak baitira. Horiek sektorearen arazoak eta zailtasunak gainditzen lagundu dezakete.
Proiektua ixteko, 2012ko udaberrian, makroalgen Europako batzar bat antolatzea aurreikusi da, laneko hiru urte hauetan lortutako emaitzak aditzera emateko. Batzar honek Europa Atlantikoaren makroalgen sektore osoa bilduko du: uzta-biltzaileak, transformatzaileak, legegileak, ikertzaileak, talde ekologistak, etab. makroalgen sektorean parte hartzen duten eragileen ikuspegi desberdinak guztion artean aztertzeko, garapen iraunkor eta errentagarri baterantz aurrera pausuak emateko Europa Atlantikoaren Zonaldean.
