Intranet
  
 

Deskargatu ezazu PDF formatuan HEMEN

Elkarrizketa - Enrique Monasterio

MIREN CANELLADA TEKNOLOGIA ALORREKO DINAMIZATZAILEA

2010EKO URRIRA ARTE, IBILGAILU ELEKTRIKOAREN UNITATEKO ARDURADUN ENERGIAREN EUSKAL ERAKUDEAN (EEE), ETA, GAUR EGUN, IBIL GESTOR DE CARGA DE VEHÍCULO ELÉCTRICO, S.A. ENPRESAN ZUZENDARI NAGUSI

TKNIKAn auto hibridoarekin (fotovoltaikoa eta hidrogenozkoa) lotutako proiektuak lantzen hasi ginenetik, ikusi ahal izan dugu auto elektrikoaren eta karga-sarearen sorreraren aldeko apustua egin duela EEEk. Oraingo honetan, EEEk antolatutako “Energia alternatiboak garraioan” izeneko jardunaldia baliatuz, elkarrizketa egin diogu Enrique Monasteriori, Energiaren Euskal Erakundeko Ibilgailu Elektrikoaren Unitateko arduradunari, laster IBIL Gestor de carga de vehículo elŽctrico, S.A. enpresako zuzendari nagusi izango denari. Ziur gai izango dela garraioaren sektoreko energiaren etorkizunari buruzko ideia garrantzitsu batzuk azaltzeko.

1. EEEk denbora luzea darama lanean energia-iturriak dibertsifikatzearen eta gizarteak horiek modu egoki batean erabiltzeren alde. Azal al dezakezu zein izan den azken urteotako ibilbidea, eta zein izango den datozen urteetarako estrategia?

Ibilgailu elektrikoak garrantzi handia izango du. Xedea izango da 2020. urterako ibilgailu berrien salmenten %10 teknologia elektrikoan oinarrituta egotea

Energiaren Euskal Erakundea duela 25 urte sortu zenez geroztik, Eusko Jaurlaritzak zehaztutako hainbat energiaestrategia abiarazi dira, eta lehentasuna eman diegu jarduera batzuei unean uneko beharren arabera. Halere, hiru oinarri nagusi izan dituzte estrategia horiek: energia-eraginkortasuna hobetzea, energia berriztagarriak erabiltzea, eta energia-iturriak dibertsifikatzea; horretarako, eskaintza eta eskaera energetikora egokitu behar dira azpiegiturak.

Une honetan, 2020. urterako Energia Estrategia lantzen ari da Eusko Jaurlaritza. Niri dagokidanez, esan dezaket ibilgailu elektrikoak garrantzi handia izango duela. Xedea izango da aipatutako urte horretarako ibilgailu berrien salmenten % 10 teknologia elektrikoan oinarrituta egotea.

2. Zer garrantzi dauka garraioan erabiltzen dugun energiak, industrian eta etxeetan erabiltzen denarekin alderatuta?

Euskadin, industriaren sektorea izan da energiakontsumitzaile nagusia, eta hala da oraindik ere. Hala eta guztiz ere, azken urteotan aldatu egin da “ranking” horretako bigarren postua; lehen bizilekuen eta zerbitzuen sektoreak betetzen bazuen ere, orain garraioen sektoreak betetzen du bigarren postu hori. Garraioen sektoreko kontsumoak izugarri egin du gora Europan, eta orain bizi dugun krisialdiak soilik lortu du hori geldiaraztea. Hori dela eta, Europako Batzordeak, eta, ondorioz, baita Euskadik ere, lehentasuna eman dio sektore horretan energia aurrezteari eta iraunkortasuna sustatzeari.

3. Gero eta auto hibrido gehiago ikusten dira gure errepideetan, eta lan handia egiten ari gara auto elektrikoen arloan. Zer bilakaera espero du EEEk datozen urteotarako?

Datozen urteotan behera egingo dute pixkanaka baterien kostuek, horien dentsitate energetikoak gora egingo du, eta hibrido entxufagarriak merkatuan sartuko dira egungo ibilgailuaren eta guztiz elektrikoaren arteko irtenbide gisa

Ibilgailuen CO2 isurketak murrizteko muga batzuk ezarri ditu Europak datozen urteotarako, eta, horiek betetzeko, fabrikatzaile guztiek sartu beharko dute hibridazioa beren enpresetan, energia-hobekuntzarako eta isurketak murrizteko irtenbide den heinean. Gure iritziz, datozen urteotan ikusi ahal izango dugu marka guztiek eskainiko dituztela ibilgailu hibridoak ibilgailu konbentzional gisa.

Ez da gauza bera gertatuko ibilgailu elektrikoekin edo hibrido entxufagarriekin. Modelo horiek astiroago sartuko dira, baterien egungo kostua oso altua delako. Askotan, marka ez generalistek eskainiko dituzte gainera, merkatuan bereizteko eta posizionamendua izateko ildo teknologiko horri eutsi diotenek. Gure iritziz, datozen urteotan behera egingo dute pixkanaka baterien kostuek, horien dentsitate energetikoak gora egingo du (eta ibilgailuek autonomia handiago izatea ekarriko du horrek), eta hibrido entxufagarriak merkatuan sartuko dira egungo ibilgailuaren eta guztiz elektrikoaren arteko irtenbide gisa.

4. Automozioaren sektoreak pisu handia dauka Euskadin. Nola eragingo dio horri auto elektrikoaren inguruan sortzen ari den mugimenduak?

Automozioaren sektoreak bere posizionamendua egokitu beharko du produktu berri horri dagokionez, baina, halere, kontuan hartu behar da errekuntzako motordun ibilgailuak ibilbide luzea duela oraindik, eta, beraz, ibilgailu elektrikoaren etorrera ez dela sektore horren etsai izango; izatekotan, baliatu beharreko aukera berri bat da.

5. Auto elektrikoaren erabilera normaltzeko, karga-sare bat sortu behar da, eta badakigu lanean ari zaretela norabide horretan. Zer pauso eman dituzue, eta zein dira zuen helburuak?

Eusko Jaurlaritzak 2009n zehaztutako ibilgailu elektrikoaren sustapenerako estrategiaren esparruan, lau ardatz estrategikoetako bat zen ibilgailu elektrikoen karga-sare bat sortzea, Euskadin zehar ibilgailu elektrikoan ibiltzeko aukera emango zuena. Xede horri jarraiki, 2009. urtearen amaiera aldera, hitzarmen bat izenpetu zuten EEEk eta REPSOLek. Horiek konpromisoa hartu zuten karga-sistemen egoera teknologikoa batera aztertzeko, Euskadirako etorkizuneko karga-sare baten ezaugarri teknikoak zehazteko, eta lan hori gauzatuko lukeen sozietate bateratu bat eratzea bideragarria ote zen aztertzeko. Urtebeteko lan gogorraren ostean, joan den urriaren 13an eratu zen Bilbon IBIL Gestor de carga de vehículo eléctrico, S.A. enpresa, eta bi sustatzaile horiek % 50eko parte-hartzea dute enpresa horretan. IBIL arduratuko da azpiegitura hori abiarazteaz 2011. urtetik aurrera.

6. Zein dira erreferentzia alderdi horretan, eta zer egoeratan dago Euskadi?

Gaur egun karga-sareak lantzen dituzten erreferentzia gutxi daude munduan. Proiektu pilotuak daude, eta gurea bezalako proiektuak daude, hau da, hasi berriak. Europan, Londresek egin du apustu handiena, eta, munduan, kontuan hartu behar genituzke Kalifornia eta Japonia.

Euskadiko proiektua aitzindarietako bat dela esan dezakegu.

7. Azkenik, elkarrizketa amaitzeko, nahi duzun ondorio edo iruzkina egiteko eskatuko dizugu.

Jaio berria da ibilgailu elektrikoa, behar jakin batzuk betetzen ditu, eta ez da egokitzen eskari guztietara. Baina hazten utzi behar diogu, merezi duen egoeretan erabili behar dugu, eta bidea ireki behar dugu, hau da, karga-azpiegiturak sortu eta lege-esparrua egokitu, eta, pixkanaka, mugikortasunerako beste aukera bat dela ikusiko dugu.

Ibilgailu elektrikoa aukera ona da gure mugitzeko estiloa aldatzeko. Beharren arabera aukeratuko dugu mugitzeko modua, eta ez parametro subjektiboagoen arabera, hala nola ospearen edo irudiaren arabera, hori egin baitugu urte askotan zehar.

Elkarrizketa honen bidez ibilgailu elektrikoari eta horren etorkizunari buruzko kezka batzuk argitu izango ditugulakoan, eskerrak eman nahi dizkiogu Enrique Monasteriori guri erantzuteko prest egoteagatik eta bere adeitasunagatik.


Inprimatu
Batez bestekoa (0 Botoak)
 
  
 
© 2009 TKNIKA, Zamalbide Auzoa z/g 20100 Errenteria (Gipuzkoa), 943082900