Deskargatu ezazu PDF formatuan HEMEN

Editoriala

CARLOS CRESPO VELASCO LANBIDE HEZIKETAKO SAILBURUORDEA

Editoriala

Lanbide Heziketako gure sistemarako bereziki garrantzitsua den unean argitaratu da TKNIKA aldizkariaren ale hau.

Alde batetik, enplegu-politika aktiboen transferentzia errealitate bihurtu berri da; beste alde batetik, Hezkuntza Sailak oraintxe aurkeztu berri du 2011rako Aurrekontuen proiektua eta Lanbide Heziketarako III. Euskal Plana eztabaidatzeko proposamena.

Hauek dira Lanbide Heziketako gure sistema norabide egokian bideratzea ahalbidetu behar diguten tresnak. Enplegu-politika aktiboen transferentziak sistema integratua konfiguratzea ahalbidetu behar digu, herrialde gisa ditugun beharrei erantzuna emateko gai izango dena. Aurrekontuak gure beharrak finantzatzeko aukera eman behar digu, baina hori hala izateko, guztiok hartu behar dugu baliabideak modu arrazionalean erabiltzeko konpromisoa. Datozen urteotan, sistemaren eskura jarritako baliabide ekonomikoak ez dira izango orain arteko poztasun- eta ugaritasun-garaietan izandakoak, hori aurrez ikus daiteke. Antzekotasunak egiten hasita, gure erronka iraunkortasun-politika artikulatzea da, garapen ekonomikoari aplikatzen saiatzen ari garen horren antzekoa, baliabideak mugatuak izango direla jakinik. Finantzabaliabide gehiago kontsumitu gabe gure prestakuntza-produkzioa areagotzeko gai den politika adimentsua egin beharko dugu. Beste betebehar batzuen aurretik gu jarri eta gizarteak eskura jartzen dizkigun baliabideak optimizatuko dituen politika bat. Politika mota hori izango da bideragarria, ez besterik.

Azkenik, Lanbide Heziketarako III. Euskal Planak lanbide heziketaren arloan datozen urteotan jarduerak zer norabidetan egin behar ditugun zehaztu behar du eta berrikuntza da, zalantzarik gabe, ezinbesteko jarduera-ildo bat.

Produkzio-sistemaren beharretara egokitutako Lanbide Heziketako sistema behar dugu. Produktibitate maila altuko ekonomia batek soilik berma ditzake garapen ekonomikoa eta egungo ongizate mailak, eta oso ondo prestatuko lan-eskuak soilik elika dezake ekonomia hori.

Lanbide Heziketako sistema gisa, gure ekarpenak bikoitza izan behar du: lan-esku hori trebatzea eta birziklatzea, eta horrez gain, ekonomian gertatzen diren aldaketei begira adi egotea, joerei aurrea hartuz, beharrak aurrez ikusiz eta teknologiak hedatuz, eta hor TKNIKAk bere zeregina du, orain arte burutu duen zeregina, eta orain, Hezkuntza Sailetik, etorkizunean ere burutzen jarrai dezan saiatuko gara.


Batez bestekoa (0 Botoak)
Batazbesteko balorazioa 0.0 izar, guztira 5.