Automozio-industriaren etengabeko garapen teknologikoa
Automozio-industriaren etengabeko garapen teknologikoa dela eta, lanbide heziketako irakasleak eguneratzeko beharrak sortzen dira, eta FORTECOren (Prestakuntza tekniko koordinatua) xedea da behar horiei erantzutea. “Biderkatzaile” deitzen diegu prestakuntza hori jasotzen duten irakasleei, horiek beren ikastetxeko eta komunitateko beste irakasle batzuei helarazten dietelako prestakuntza hori.
Horrela, informazio teknikoa helarazi nahi diegu Ibilgailu Autopropultsatuen Mantentzea irakasten duten LHko ikastetxeetako irakasle eta ikasle guztiei, irakaskuntza horren kalitatean eragingo duen efektu biderkatzaile bat sortzeko.
Duela 30 urte baino gehiago hasi zen lanean Forteco Alemanian, Bosch fabrikatzailearen gidaritzapean batez ere, eta fabrikatzaile horrek ahalegin handiak egin ditu Forteco nazio mailan ere ezartzeko. Alemanian bezala, Espainian ere BOSCH fabrikatzaileak zuzendu du hori ezartzeko prozesua. Ezin dugu ahaztu Euskadik, Tknikaren bidez, paper garrantzitsua jokatu zuela proiektu hori sustatzen, Bosch eta Mercedes enpresekin eta Galizia eta Madrilgo komunitate autonomoekin batera. Pixkanaka, gero eta fabrikatzaile eta komunitate autonomo gehiago bildu dira proiektura, eta, gaur egun, fabrikatzaile eta komunitate autonomo gehienek parte hartzen dute bertan.
2010eko urriaren 20an egin zen Sevillan urteroko bilera, eta bertan parte hartu dute FORTECO osatzen duten enpresetako prestakuntza-zentroetako ordezkariek, eta komunitate autonomoetako hezkuntza-sailetako ordezkariek. Urteroko bilera horretan, ikastaro batzuk eskaintzen dizkiete fabrikatzaileek komunitateei, eta, horrela, interesgarrien iruditzen zaizkion ikastaroetan parte har dezake komunitate bakoitzak. Beste gai batzuen artean, erabaki zuten zer prestakuntza-jarduera eta -ikastaro egingo diren 2010-11 ekitaldian. 2010. urte honetan, 35 mintegi egin dituzte FORTECO osatzen duten industria-enpresek; 430 plaza eskaini dituzte, eta 16 komunitate autonomotako ordezkariek parte hartu dute horietan.
15 mintegitan parte hartuko du Euskadiko Autonomia Erkidegoak 2010ean, eta honako enpresa hauek antolatuko dituzte mintegi horiek: Mercedes Benz, Volkswagen Audi, SEAT, Toyota, Bosch, Ford, General Motors, Basf Coatings S.A, Cesvimap eta MAN.
Zenbait jarduera gauzatu dira gure autonomia-erkidegoan prozesu biderkatzaile hori eraginkorrago bihurtzeko. Alde batetik, DVD interaktibo bat lantzen da urtero, eduki digitalizatu guztia biltzen duena, eta automozioko ikastetxe guztiei ematen zaie hori. Beste alde batetik, Fortecoren bidez ikastaro bat jasotzen duten irakasleek konpromisoa hartzen dute gainerako irakasleei ikastaroak emateko katalogoko (Garatu) prestakuntza-eskaintzaren baitan. Horrela, efektu biderkatzailea kalitate onekoa izango dela bermatzen da, eta jakintza transferitzen da ahalik eta modu eraginkorrenean.
Fortecori esker, azken urteotan, hobera egin dute nabarmen automobil-fabrikatzaileekiko harremanek. Adibidez, aipa ditzakegu azken urteotan enpresekin batera gauzatu ditugun proiektu eta lankidetza-hitzarmen hauek: FSI proiektua, automozioko ikastetxe guztientzako material didaktikoa sortu zuena; fabrikatzaileen prestakuntza gure ikastetxeetan (Bosch); gure irakasleen prestakuntza fabrikatzaileek utzitako materialarekin (Audi); motor hibridoen proiektua, egun gauzatzen ari garena (lankideak: Toyota, Bosch, Alecop); UCen konponketaren gaineko proiektua, egun gauzatzen ari garena (lankidea: Bosch); gainera, prestakuntza jaso daiteke zuzenean fabrikatzaileen on line plataformen bidez, adibidez, Mercedesen eta BMWren plataformen bidez.