Hidraulika proportzionala LHko zentroetan
Industriako teknikari askorentzat oso zaila da erabiltzen dituzten aplikazioak mantentzea eta optimizatzea, teknologia horren inguruan jakintza falta baita
Hidraulika Proportzionalak ez dauka pisu handirik Lanbide Heziketan; alde batetik, maila teknologiko altua duelako arlo horrek, eta, beste alde batetik, alderdi mekanikoak, elektrikoak, elektronikoak eta informatikoak lotzen dituelako. Hori guztia dela eta, nahiko zaila da gai hori lantzea eta hedatzea. Gainera, horren inguruko prestakuntza emateko behar den ekipamendua oso garestia da.
Hala eta guztiz ere, Hidraulika Proportzionala gero eta gehiago aplikatzen da industrian, bai industriamakinak edo aerosorgailu handiak eraikitzean, bai lehen Hidraulika Konbentzionalaren esku zeuden aplikazioak gauzatzean. Industriako teknikari askorentzat oso zaila da erabiltzen dituzten aplikazioak mantentzea eta optimizatzea, teknologia horren inguruan jakintza falta baita.
Merkatuan material didaktiko gutxi dago, eta orain arteko materiala, gainera, askotan ez da egokitzen industriaren beharretara. Horregatik, ez da oso erabilgarria beren makinetako industria-osagaien funtzionamenduaren, egokitzearen eta mantentzearen alorrean esperientzia eskuratu nahi duten langileentzat.
Jose Luis Martinezek, Usurbilgo Lanbide Eskolakoak, proiektu bat landu du TKNIKAn; material didaktikoa sortu du, erraz egokitzen dena hainbat markatako industria-osagaietara. Osagai horien lagin bat muntatu da helburu didaktikoekin, eta jarduera praktiko batzuk ere prestatu dira; dagokion oinarri teorikoa erantsi zaio horri, eta prestakuntzako ikastaro-tipo bat sortu da Hidraulika Proportzionalaren alorrean. Erraz lekualdatu daiteke ekipamendu hori, LHko ikastetxeek beren instalazioetan erabil dezaten.
Hidraulika Proportzionaleko ekipamendua praktiketarako hiru banku hidraulikorekin osatuta dago, eta hiru banku hidrauliko horiek Hidraulika Proportzionaleko Oinarrizko Mailako Ikastaroan aurreikusitako jarduera praktikoak gauzatzeko guztiz prestatuta daude.
Esan bezala, ekipamenduak hiru banku hidrauliko dauzka, eta banku hidrauliko bakoitzak bi panel. Beraz, 12 ikaslerekin lan egiteko aukera ematen du ekipamendu horrek.
Ekipamendu informatikoa ere erosi da, zehazki, zazpi ordenagailu eramangarri (sei 12 ikasleentzat, eta bat irakaslearentzat); ordenagailu horiek sare-konexioa dute hari gabeko konexio puntu (WIFI) baten bidez, eta sare pribatu bat sor daiteke. Gainera, inprimagailu bat ere konektatuko da irakaslearen ordenagailura; horren bidez, sareko kide den edozein ikaslek inprimatu ahal izango ditu praktiketako emaitzak.
Hidraulika Proportzionalaren alorrean oinarrizko prestakuntza eskuratzeko diseinatu da ikastaroa; oinarrizko kontzeptuekin hasiko da, begizta irekiko indarraren eta abiaduraren erregulaziora heldu arte. Bigarren mailako ikastaro baterako utziko da begizta itxiko erregulazioa.
Taulan ikastaro-proposamen bat azaltzen da, bi ordu eta erdiko 12 saio proposatzen dituena, kontzeptuei eta prozedurei dagozkien zatiekin.
Esan dugun eran, Lanbide Heziketako ikastetxeetara eraman daiteke TKNIKAk erositako ekipamendua ikastaroak gauzatzeko.
Edozein irakaslek eskatu ahal izango du ekipamendua, betiere, TKNIKAren ikastaroa jaso badu, edo Hidraulika Proportzionalaren arloan esperientzia duela egiaztatzen badu. Irakasle batek ekipamendua eskatu nahi badu, ikastetxearen bidez egin beharko du eskaera, eta ikastetxea arduratuko da ekipamenduaren garraioaz eta segurtasunaz ikastetxean eta garraioan dagoen bitartean. Eskaera denbora askorekin egitea gomendatzen da, beste ikastetxe batean egon daiteke eta ekipamendua.
TKNIKAren web-orrian eskuragarri egongo da ekipamendua eskatzeko inprimakia, eta TKNIKA harremanetan jarriko da eskaera egin duten irakasleekin; bestela, jarri harremanetan Isidro Zalduarekin, TKNIKAko automatizazio industrialeko arduradunarekin.
| Saioa 2.5 Or | EDUKIAK | JARDUERAK |
| 1 | 1. SARRERA 1.1. Hidraulika eta elektro-hidraulika konbentzionala 1.2. Hidraulika Proportzionala | 1.1. Zirkuitu hidrauliko konbentzionala |
| 2 | 1.3. Haril proportzionalak | 1.2. Indar erregulatuko harila 1.3. Ibiltarte erregulatuko harila |
3 | 2. AGINTE-ELEKTRONIKA 2.1. Principio de Funcionamiento 2.2. Alimentación 2.3. Consigna 2.4. Rampas 2.5. Amplificación 2.6. Etapa de salida 2.7. Realimentación de Posición 2.8. Ajustes 2.8.2. Ganancia 2.8.4. Salto | 2.1. Anplifikadore proportzionala - Ezaugarriak |
| 4 | 2.8.1. Erreferentzia-balioak 2.8.3. Arrapalak 2.8.5. Dither 2.8.6. Beste doikuntza batzuk 2.8.7. Argibideak eta neurketak | 2.2. Anplifikadore proportzionala - Doikuntzak |
| 5 | 3. BALBULA PROPORTZIONALAK 3.1. Presio-balbula proportzionalak 3.1.1. Presio-mugatzailea - Aginte zuzena | 3.1. Balbula mugatzaile proportzionala - Histeresia |
| 6 | 3.1.2. Presio-mugatzailea - Zeharkako pilotajea 3.1.3. Sekuentzia proportzionaleko balbula - Zeharkako pilotajea 3.1.4. Presio-mugatzaile proportzionala - Zeharkako pilotajea | 3.2. Balbula mugatzaile proportzionala - Mugak |
| 7 | 3.2. Balbula proportzional banatzaileak 3.2.1. Balbula proportzional banatzaileak - zuzeneko agintea | 3.3. 4/3 balbula proportzionala - Erantzun osoa |
| 8 | 3.2.1. Balbula proportzional banatzaileak - zuzeneko agintea | 3.4. 4/3 balbula proportzionala - Motorra doitzea 3.5. 4/3 balbula proportzionala - 2:1 zilindroa doitzea |
| 9 | 3.2.1. Balbula proportzional banatzaileak - zeharkako agintea | 3.6. Arrapala-doikuntzak - Motorra |
| 10 | 3.3. Emari-balbula proportzionalak | 3.7. Emaria erregulatzea - Kargarekiko mendekotasuna |
| 11 | 3.3.1. Presio-konpentsagailua | 3.8. Emaria erregulatzea - Presioa konpentsatzea |
| 12 | 4. APLIKAZIOAK | APLIKAZIO TIPIKOAK eta/edo INDUSTRIALAK |