Deskargatu ezazu PDF formatuan HEMEN

Lanbide Heziketako zentroak: berrikuntzaren kultura ETE-etara hurbiltzen

AGUSTÍN AGIRRE PRESTAKUNTZA ARLOKO KOORDINATZAILEA

Duela urte batzuetatik, LHko hiztegian bezero hitza gehitu dugu, eta ordutik hona, batez ere horien beharrak asetzera bideratu ditugu gure esfortzuak. Eztabaida haiek izan genituenetik: Lanbide Heziketako bezeroak nor ziren, kanpoko bezeroak, barrukoak, ikasleak, gurasoak, gizartea, enpresak, haien asebetetzea nola neurtu, guregandik zer lortu nahi duten eta abar. Ikuspegi horretatik abiatuta diseinatu eta hobetu dira gaur egun ematen diren zerbitzu asko.

Berrikuntzaren kultura ETE-etara hurbiltzen

ETE-ek jarduera ekonomikoaren ehuneko altua osatzen dute, eta giltzarriak dira enplegua sortzeko eta garapen sozio-ekonomikorako

Artikulu honetan, bezero horietako batean oinarritu nahi dut: enpresa. Lanbide Heziketako Zentroen eta ETE-en harremanak duen potentziala labur aztertu nahi dut. LH zentroen eta enpresen arteko lankidetzako adibiderik ez dut eman nahi (asko daude), ezta trebakuntza-orduei eta egokitzapenari buruz ere; nire asmoa nire ikuspegia ematea da; horren arabera, prestakuntzaz gain, Lanbide Heziketak ETE-ei sistematikoki zerbitzuak eskaintzen dizkie, eta haien aliatu bihurtzen da.

ETE-ek jarduera ekonomikoan ehuneko altua osatzen dute, eta giltzarriak dira enplegua sortzeko eta garapen sozioekonomikorako. Hori dela eta, lehentasunezkoak dira edozein politika sozio-ekonomikotan, baina batez ere, lehiakortasuna hobetzeko funtsezko elementuak berrikuntzaren kultura sustatu nahi dutenetan. Hala ere, ez dira oso irekiak diseinatutako politikekiko, eta zailtasunak dituzte haietara sartzeko; izan ere, askotan Gobernuko programa luze eta batzuetan konplexuen bidez aurkezten dira, eta horietara sartzea ez da oso erakargarria. Dena den, ETE horietako gehienek gure Zentroetako pertsonekin harremana eta konfiantza dute, ikasleen praktikekin eta beste aholkularitza eta kolaborazio batzuekin ezarritako harremanen bidez. Euskadiko Lanbide Heziketako nortasunaren ikurretako bat oro har inguruneko enpresekin gertutasuna izatea da, eta txikiekin, bereziki.

ETE-etan berrikuntzaren kultura modu eragingarrian zabaltzea bultzatzeko zer elementu giltzarri eskaintzen dituzte lanbide heziketako zentroek?

Lanbide Heziketako Zentroen kopuru eta banaketa geografikoari esker, benetako kapilaritatea dago, lurraldea ia osorik estaltzen baitute, eta horrek, noski, enpresen eta ETEen gertutasun fisikoa ahalbidetzen du.

Zentroek prestakuntza handiko langileak dituzte, eta gaur egun produkzio-prozesuetan erabiltzen ari diren teknologia gehienak hartzen dituzte; horrez gain, sarean lan egiteko tradizio zabala dute, eta Zentro ugariren artean eskaintza osatzeko aukera ematen du horrek. Horrez gain, TKNIKAren moduko erakunde bat dago. Horren helburua, besteak beste, horrelako ekimenak katalizatzeko eta dinamizatzeko erreferentziazko polo izatea da.

Baina nire ustez, eta kontuan izanik azken batean benetako aldaketen protagonista pertsonak izaten direla, gure Lanbide Heziketako Zentroek benetan giltzarria den elementua dute: Zentroen eta enpresetako eta ETE-etako pertsonen artean konfiantzazko harremana. Proiektu txiki eta handi ugarik batera parte hartuz eta jarduera bateratuak eginez eraikitako harremana da; askok, gainera, lanpostu desberdinetan lan egiten dute, badira, horrez gain, gure Lanbide Heziketako Zentroetan trebatu diren enpresa eta ETE-etako jabeak ere.

Zein dira harreman hori sustatzeko giltzarriak?

Agian, berrikuntza enpresetara, erakundeetara eta gizartera, oro har, eramateko beharraz hitz egiten den garaiotan, erakundeek eurek beharko dute gehien aldaketa kulturala eta bizi garen garaietara egokitzea

Hainbat Zentro banaka jarduera ugari ari dira egiten, eta beste batzuk, egituratuago, sare-formatuan, Zentroen partaidetzarekin. Gehienak oso esperientzia interesgarriak dira, eta horietatik ikasi eta ondorio hezigarriak atera ditzakegu, baina, nire ustez, erakunde arteko jarduera irmoa behar dute; Lan, Industria eta Hezkuntza Sailetatik jarduera bateratuko politikak diseinatu behar dira, beste eragile batzuekin lankidetzan Lanbide Heziketako Zentroen benetako potentzialari etekina atera ahal izateko.

Hain nabarmena dirudien kontu horrek, eta ziurrenik beste jarduera batzuetan ere hala gertatzea desiragarria izanik, benetan zaila dirudi lortzeko; izan ere, oso kasu gutxitan gertatzen da benetan.

Agian, berrikuntza enpresetara, erakundeetara eta gizartera, oro har, eramateko beharraz hitz egiten den garaiotan, erakundeek eurek beharko dute gehien aldaketa kulturala eta bizi garen garaietara egokitzea.

Zer onura lortzen ditugu enpresekin izandako harremanetik?

Nire ustez, egitea da ikasteko modurik onena

Eztabaida semantikoetan eta xehetasunetan sartu gabe, eta kontuan izanik Lanbide Heziketa amaierako prestakuntza dela, guztiok ados egon gaitezke horren helburu nagusia zehazteko garaian, hau da: ikasleei produkzio-sisteman txertatzea ahalbidetuko dieten gaitasunen garapena eskaintzea, eta horrez gain, sistema horretan bertan erabilitako teknologien eboluzioari gaitasun horiek egokitzea eta birziklatzea ahalbidetzea.

Helburu hori lortzen eragina duten faktoreak askotarikoak izango dira ziurrenik, baina seguru irakasleen prestakuntza eta birziklatzea erabakigarriak izango direla.

Beraz, ikasteko modurik onena egitea da. Horretarako, funtsezkoa da irakasleen eta enpresetako pertsonalaren artean jarduera bateratuak egitea eta proiektuetan parte hartzea. Askotan, ikaskuntza osagarriak partekatzeko eremuak sortzea aukera paregabea da gure zentroek prestakuntza handiko langileak izan ditzaten, eta horrez gain, produkzio-munduaren errealitatea ezagut dezaten eta, noski, erakunde ugariko pertsonen artean konfiantza eta harremana susta dezaten.

Egoera ideal, agian utopiko, batean, desiragarria litzateke irakasleek, enpresetako profesionalek eta Zentro Teknologikoetako profesionalek ere aldizka rolak partekatzeko eta aldatzeko aukera izatea, irakasle-rola, enpresako profesionalaren rola, ikerlari-rola.

Ikusi ahal izan duzuen moduan, artikulu honetan galderak eta aukerak planteatu ditugu; ez dira ozen egindako gogoetak besterik. Horietako batzuk etorkizunean gerta daitezke eta beste batzuk bazterrera utziko dira, baina ausartuko nintzateke esaten norabide horretan lan egitea funtsezkoa dela benetan produkzio-ehunean sartuta dagoen Osoko Lanbide Heziketarantz joateko eta herrialdeko garapen sozioekonomikoa sustatzeko.


Batez bestekoa (0 Botoak)
Batazbesteko balorazioa 0.0 izar, guztira 5.