Mooteuskadi'11ri so eginez
2009ako MootEuskadi jardunaldian, Deustuko Unibertsitatearen eskutik, erreleboa hartu genuen Tknikan 2010eko ekitaldia antolatzeko konpromisoa hartuz, beti ere Hezkuntza Sailaren ordezkari gisa. Arduraz eta kezkaz hartu genuen Tknikako lan taldeak erronka hau. Arduraz, urtez urte mailaz igotzen joan den, eta egun, erreferentziazko ekimen bihurtu den jardunaldi batzuen antolakuntzak duen exijentziagatik, eta kezkaz, antolakuntza mailan, dimentsio honetako jardunaldiek dituzten eskakizunengatik. Baina hartua zegoen lekukoa, atzera bueltarik gabekoa gainera!
Urtebete eskas pasa ondoren, ekainaren 18an, Tknikak beren proiektuen emaitzak plazaratzeko urtero antolatzen dituen INNOTK jardunaldiei jarraipena emanez, izan genuen 2010eko MootEuskadi jardunaldia. Bertako hitzaldi eta jorraturiko tailerren ingurukoak aurrerago azalduko ditugu. Lehenik atzekaldean zenbaitzuk buruturiko lanak azaleratzea beharrezko deritzogu.
Horrelakoetan parte hartu edo hartzen duzuenok ondo dakizuenez, horrelako jardunaldi batzuen antolakuntzak, kasurik onenean, hilabete batzuetako lana du atzetik. Ez gara xehetasun gehiegitan sartuko baina gutxienez aipatuko ditugu antolakuntza, logistika eta bestelako lanetan ondoan izan ditugun lankideak. Alde batetik bidelagun izan ditu Tknikak laguntzaile lanetan, Nazaret Zentrua eta Makina Erremintako Institutua, beraien laguntzarik gabe ezinezkoa izango litzateke jardunaldien antolakuntzaz eratorritako hainbat lan, hala nola,diru laguntzak , matrikulazioak eta abar luze bat aurrera eramatea. Bada lan horietaz gain berebiziko garrantzia duen lan bat, jardunaldien programa definitu eta honi loturiko hizlari eta parte-hartzaile guztiekin bakoitzaren hitzaldiak adostea eta barauek kudeatzea. Lan honen ardura, aurrekotan bezala, MootEuskadiko Batzorde Teknikoaren esku izan da. Jardunaldien kalitate eta arrakasta maila berauei zor diegu. Aurtengoan, bertan izan ditugu, Mikel Garmendia (EHU), Ainhoa Eceiza (EHU), Pablo Garaizar (Deustuko Unibertsitatea), Iñaki Arenaza (Mondragon Unibertsitatea), Andoni Tolosa (AEK), Abel Camacho (Santurtziko Euskaltegia), Josu Orbe (Txorierri Ikastetxe Politeknikoa), Mertxe Gimeno (Nazaret Zentrua), Víctor Bermejo (Hezkuntza Departamendua) eta Tknikako lankide ditugun Joxemi Andonegi, Antton Rodríguez. Bejondeizuela lagunok!
Programari dagokionez, aurreko urteetako legez, irekitze saio ofizial baten ondotik, tailer formatuan hainbat gai jorratu ziren, hala nola, irakaslegoraren prestakuntzarako estrategiak, garatzaile eta administrarien topaguneak, proposamen didaktiko berritzaileak, irakaslegoarentzat pilula didaktikoak, eta abar luze bat. Aipamen berezi bat merezi dute tailerretan izandako parte-hartze altuak eta berauetako hizlarien mailak, baita ere irekiera saio ofizialean izan genuen Javier Martínez Aldanondoren ponentziak eta beronek bertaraturikoen artean sortarazitako gogoetak.
Urtero legez, ekitaldia zuzenean bideoz emititua izan zen, aurtengoan Tknikako webgunetik, eta Twitter bidez ere jarraitu ahal izan zen.
Nahi duzuenok, programa osoa eskuragarri duzue http:// mooteuskadi10.tknika.net webgunean.
Lerro hauek aprobetxatuz, jardunaldiko programa aurrera eraman ahal izateko beren laguntza eta babesa eskaini diguten erakunde eta enpresei gure esker ona adierazi nahi diegu. Hor izan dira babesle lanetan Hezkuntza Departamendua eta Gipuzkoako Foru Aldundia erakundeen alorrean; enpresa mailan aldiz , Tknikarekin zenbait proiektutan elkarlanean dihardu izan duten Bitez Logos, Entel- Ibai, Ikuspe eta Dardarak enpresak izan ditugu. Eskerrak guztioi!
Jardunaldiaren helburuei dagokionean, erakunde bezala arro gaude jardunaldiaren inguruko aurreikusiriko helburuak, bai parte-hartzaile mailan eta bai jardunaldien kalitatearen inguruan, bete direlako. Jardunaldiak irakaskuntza alorreko 114 lagun biltzea lortu zuen, matrikulatu eta gonbidatuen artean. Honi gehitu beharko genizkioke jardunaldietara etorri ezinik bideoz eta Twitterrez ekitaldia jarraitu zuten hainbat eta hainbat lagun. Bertaratu zinatenoi, Tknikako webgunetik edo Twitterretik jarraitu zenutenoi gure eskerrik beroenak!
Guri dagokigunean amaitu ditugu aurtengoak. Datorren urtera begira Haberi eman genion erreleboa eta honekin batera datorren urteko MootEuskadia antolatzeko ardura. Tknikako lan taldearen partetik gure laguntza eskaintzeaz gain zorterik onena opa nahi dizuegu eginkizun berri horretan!
Datorren urteko MootEuskadin ikusiko dugu elkar!
|
Laguntzaileak
|
|  |