Intranet
  
 

Deskargatu ezazu PDF formatuan HEMEN

SIMULFORM Eremu Europarrean garatutako proiektu teknologikoa

UNAI ZIARSOLO FABRIKAZIO MEKANIKOKO DINAMIZATZAILEA

Tknikako arlo teknologikoan “Hotzeko estanpazioko erreminten optimizazioa“ izenarekin bataiatutako proiektua 2010eko ekainean bukatu zen, bi urteko lanaren ostean. Proiektu honen ezaugarrietariko bat Europako 2 zentro teknologiko eta unibertsitate batekin elkarlanean garatu zela izan da, MAIATZ-SIMULFORM izeneko proiektu Europarraren baitan hain zuen ere. Europako lantaldea osatuz Tknika eta M. Altuna aritu dira, azken hau proiektu guztiaren promotore lanetan. Proiektuaren izen ofiziala Hotzeko Estanpaziora aplikatutako Elementu Finitu bidezko Zenbakizko Analisi Teknologikoen Formakuntza Programak da.

Hurrengo lerroetan SIMULFORM proiektuan egindako lana, garatutako produktuak eta difusio jarduerak zehazten dira.

MAIATZ-SIMULFORMen garapena

Hotzeko estanpazioko prozesuen zenbakizko modelizaziorako eskuliburua. Oinarrizko maila eta aurreratua

MAIATZ SIMULFORM proiektuaren zeregina, hotzeko estanpazioko prozesuen optimazioan Elementu Finitu Bidezko Zenbakizko Analisien Teknologietan Lanbide Heziketara bideratutako hezkuntza programa espezifikoa garatzea izan da.

Maiatz Simulform proiektuan FEA (Finite Element Analysis) bidezko simulazio softwareen irakaskuntza ahalbidetuko duen material didaktikoa sortzea izan da eginkizun nagusia, “benchmarking” lanekin batera.

Material didaktikoaren prestakuntzari dagokionez, garatutako dokumentu nagusiaren izena “Hotzeko estanpazioko prozesuen zenbakizko modelizaziorako eskuliburua. Oinarrizko maila eta aurreratua” da, modu honetako softwareen aurrean jarri ahal izango diren ikasle/ erabiltzaileek izango duten eskakizun maila ezberdina aurreikusirik, softwareen erabilpen eta irakaskuntzaren aldetik sakontze maila ezberdinetara egokitu da landutako materiala, oinarrizko maila, erdikoa eta maila aurreratua bereiztuz.

Bestalde “benchmarking” lanak egin dira, helburua hotzeko estanpazio bidez konformatzeko garaian portaera aldetik arazoak sortzen dituzten geometria jakin batzuk aztertzea izan da, konkretuki pitzadurak sortzeko aukera duten pieza eta materialak, horrela, zenbakizko analisien sistemek pitzaduren agerpena aurreikusteko gaitasuna egiaztatuz eta arazoak ekidinez prozesua optimizatuz. Era berean, estanpatzeko makinarekin izandako emaitzak (pieza errealak) eta softwareekin izandakoak kontrastatu dira, softwareen emaitzen eta errealitatearen arteko lotura aztertuz. Benchmarking-ak aztertuz simulazio lanak erabiltzaile maila ezberdinetan garatuz, prozesu guzti honetatik ondorioak atereaz.

Landutako material didaktikoa dokumentu nagusi batean bildu da: “Hotzeko estanpazioko prozesuen zenbakizko modelizaziorako eskuliburua. Oinarrizko maila eta aurreratua”.

Bertan honako gaiak landu dira:

  • Motibazioa eta Aurrekariak.
  • Pieza: simulatuko den piezaren CAD geometria lortzeko mailaketarako oinarriak.
  • Materialaren datuak: numerikoki simulatzeko erabili behar den materiala modelizatzeko teknikak azaltzen dira, saiakuntzak materialen portaeraren eredu matematikoak e.a.
  • Erreminten kalkuluak: piezen deformazioa eragingo duten erreminten gainean egin ohi diren kalkuluak.
  • Kontaktu gainazala: erreminten eta piezaren marruskadura koefizientearen eragina eta doikuntza. • Makina: erabili daitezkeen prentsa motak eta euren ezaugarriak.
  • Zenbakizko ezaugarriak: simetria baldintzak, bermailaketen maiztasuna, bermailaketa, zenbakizko datuen sarrera, tenperaturaren eboluzioa, kalkuluen maiztasuna, e.a.
  • Optimizaziora sarrera: zenbakizko emaitzen eta sartutako datuen fidagarritasuna. Ziurgabetasunaren kalkulurako prozesu errealekiko alderaketa (sentsibilitatearen analisia).
  • Simulazioaren baliozkotasunaren egiaztapena: mailaketen prezisioaren ebaluazioa, erabilitako materialen portaera legeen sendatasuna, e.a.
  • Jardunbide egokiak emaitzen interpretazioan.
  • Akatsen interpretazioa: matrizeak betetzerakoan hutsuneak, bizarren agerpena, pitzadurak, tolesdurak…

Benchmarking-a

Esan bezala proiektuaren garapenaren parte bezala, industri mailan produzitzen diren pare bat pieza aukeratu dira, estanpatzeko makinan gauzatutako produkzio errealaren eta Elementu Finitu Bidezko Zenbakizko Analisia eginez egindako simulazioan lortutako emaitzak kontrastatze aldera.

Pieza hauetariko lehena ekoizteko prozesu bakarra baino ez da erabili. Bigarrenarentzat berriz lau garapen ezberdin erabili dira, bide ezberdinen arteko alderaketa egiteko asmoz. Horretaz gain fabrikatutako piezak bi altzairu ezberdin erabiliz ekoiztu dira material batekin edo besteaz lan egiteak emaitzengan izan dezakeen eragina ere hobeki aztertu ahal izateko.

Guzti honekin piezekin izandako emaitza errealak eta simulatutakoak konparatu ahal izan dira. Ondorengo irudian benchmarking-ean aztertutako piezen adibideak, beraien pitzadurekin, ageri dira, pieza errealak zein simulatutakoak.

Sorkuntzaren ebaluazioa

Formazio ekintza hauetan proiektuan garatutako material didaktikoa erabili da

Proiektuan sortutako edukien ebaluazioari begira honako ekintzak garatu dira:

  • MAI/TKnika-ko irakaslegoak bere formazio ekintzen barruan, sektoreko enpresetako teknikoei bideratuta, Elementu Finitu Bidezko Zenbakizko Analisiaren (FEM) simulazio ikastaroa (Forge simulazio softwarean oinarrituz), eskaini zuen 2010eko ekainean.
  • CEMEFek proiektu honetan garatutako edukiak zenbait jardunalditan erabili ditu, batetik elementu finitu bidezko zenbakizko analisien inguruko kurtso batean Santiago de Compostelako Unibertsitatean (España) (2010eko maiatza) eta bestetik Valentziako Unibertsitateko Numerical Computation jardunaldiaren baitan Simulformeko benchmarking batean oinarritutako ponentzia batean (2010 iraila)

Formazio ekintza hauetan proiektuan garatutako material didaktikoa erabili da, horri esker materialaren erabilgarritasuna, praktikotasuna, azalpenen argitasuna e.a. baloratu ahal izan direlarik, proiektua itxi aurretik azken zuzenketak eta hobekuntzak gehituz.

FEM modelizazioaren inguruko Jardunaldi Teknikoak

Proiektuaren difusioa jarduera garrantzitsuena M. Altuna Institutuan 2010eko uztailaren 6an burututako jardunaldi teknikoa izan zen.

Bertan proiektuko emaitzak biltzen dituen CDa aurkeztu zen, eta horretaz gain 3 ponentzia tekniko izan ziren Danimarkako eta Frantziako kideen eskutik. Jardunaldia osatzeko Italiako Sacma enpresak ere hitzaldia eman zuen.

Jardunaldi honetara 80 pertsonatik gora bertaratu ziren, besteak beste David Urzainqui, LHko sailburuordea, Maria Jose Madariaga LHko zuzendaria, Miguel Lazpiur Confebask-eko lehendakaria, Jose Miguel Oskoz Tknikako zuzendaria eta estanpazioko enpresetako hainbat tekniko eta ordezkari.

Parte hartzaile eta hizlarien artean izandako harremanak etorkizunerako beste lan ildo batzuk zabaltzeko aukera utzi zuen, etorkizunean ekindako bideari jarraipena emateko.


Inprimatu
Batez bestekoa (1 Botatu)
 
  
 
© 2009 TKNIKA, Zamalbide Auzoa z/g 20100 Errenteria (Gipuzkoa), 943082900