LH on line
Joan den urrian hasi zen on lineko LHren bigarren ikasturtea Haur Hezkuntzako zikloarentzat.
5ean, 6ean eta 7an egin ziren aurkezpen-saioak erreferentziazko ikastetxeetan: Francisco de Vitorian (Gasteiz), Eskurtzen (Bilbo) eta Plaiaundin (Irun). Plataforma telematikoan sartzeko aukera eman zitzaien ikasleei 8an.
Zortzi lanbide-modulu eskaini dira ikasturte honetarako: Haurraren Autonomia Pertsonala eta Osasuna, Garapen Kognitiboa eta Motorra, Haur Hezkuntzaren Didaktika, Lanerako Prestakuntza eta Orientabideak (LPO) eta Enpresa eta Ekimen Ekintzailea (LOE eredukoak); eta Jolasaren Metodologia eta Garapen sozio-afektiboa familiekin parte hartuz (LOGSE eredukoa). Aurreko ikasturteko esperientziaren ondoren, eskaintza zabaldu da, eta ikasleen onarpena izan du horrek.
40 ikasle daude modulu bakoitzean, 5 teleirakasle, eta talde tekniko bat, teknikaren alorreko ezusteei aurre egiteko. Gainera, berrikuntza bat sartu da aurten, Orientazio Zerbitzua hain zuzen ere, ikasketa-/lanbideproiektuaren inguruan sor daitezkeen zalantzei erantzun emateko. Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetzaren ekimena da LH on line, eta beren beharretara eta lan-erritmora egokitutako prestakuntza malgua eskatzen duten pertsona helduei zuzenduta dago.
Teleirakasle baten laguntza edukiko du ikasleak bere lana gidatzeko eta ikaskuntza-aholkuak jasotzeko, ikasgela birtualaren, posta elektronikoaren eta/edo telefonoaren bidez, eta, gainera, hezkuntzaplataformako materialak eta jarduerak eskuratu ahal izango ditu. Bere aldetik, lanak egin beharko ditu ikasleak, eta ezarritako egunetan entregatu; kalifikazio positiboa edo negatiboa jasoko dute lan horiek. Modulu batzuetan, gainera, jarduera presentzialetan parte hartu beharko dute ikasleek erreferentziazko ikastetxeetan, profesionaltasuna lortzeko ezinbesteko direla ulertzen baita.
Oraingoz, Haur Hezkuntzako ziklorako bakarrik prestatu da prestakuntza-modalitate hori, baina datozen ikasturteetan eskaintza beste lanbide arlo batzuetara zabaltzea aurreikusten da.