Proiektu hau ezaugarri jakin batzuk dituen akuikulturako birzirkulazio-sistema garatzeko helburuz sortu zen: batetik, ur gazitan arrain, molusku, krustazeo eta, oro har, edozein motatako itsas izakien hazkuntza une oro kontrolatu eta erregistratzea eta, bestetik, ahal den neurrian, parametroei balio ezin hobeetan eusteko ekintzak bideratzea.
Proiektua aurrera eramateko, beharrezkoa izan da akuikulturaren eta automatismoaren arloetako jakintzak uztartzea, baita akuikultura-hazkuntzako instalazioak izatea ere.
Hasieran, ur-birzirkulazioko eta automatizazioko sistemak diseinatu dira. Birzirkulazioaren diseinua proiektuan parte hartu duten Mutriku institutuko kideek egin dute, akuikulturako profila behar baitzen. Automatizazio-sistemaren diseinua, berriz, akuikultura-profila duten parte-hartzaileek Gorosabel SA enpresarekin batera egin dute.
Ondoren, muntaketa funtzionarazi eta datuak bildu dira, eta, gero, parametro gehiago neurtzea eta automatizazio-sistema bera hobetzea ahalbide dezaketen sentsoreen probei heldu zaie.
Birzirkulazio bidezko hazkuntzako instalazioak dira akuikulturaren erronkarik handiena herrialde garatuetan. Ur berria etengabe erabiltzeko premiak akuikultura-haztegien kokagunea kosta-lerrora eta ibai nahiz lakuen ingurumarietara mugatzen du. Birzirkulazio-instalazioak ez daude baldintzatzaile horien mende, eta haztegiak edozein tokitan jar litezke, ia ez da kokaguneari lotutako mugarik izango. Horregatik, gaur egun ikerketa-zentro eta enpresa askok dihardu era horretako sistemak probatu eta hobetzeko lanetan.
Nolanahi ere, birzirkulazioak uraren kalitatearen kontrol zorrotza eskatzen du, eta, horregatik, parametroen kontrol automatizatua egitea da egokiena. Parametroen jarraipen horrek, gainera, produktuaren produkzio-prozesu guztiaren “trazabilitatea” bermatuko du.
Proiektuaren garapenean lortutako emaitzek, automatismoaren eta akuikulturaren arloko jakintzak indartzeaz gain, ikasleek arlo horietan duten prestakuntza osatzeko balio izango dute.
Proiektuaren garapenean lortutako emaitza gisa, automatismoaren eta akuikulturaren arloko jakintzak indartzeaz gain, sistema berritzailea lortu du Mutriku institutuak, eta horrek ikasleek arlo horietan duten prestakuntza osatzeko balio izan du.
Parte hartzen duten enpresak: GOROSABEL, SA
Zentro laguntzaileak: IES Mutriku BHI.
Parte hartutako irakasleak: Igotz Gallastegui.
Iraupena: 2008 – 2010.