Parke eoliko eta aerosorgailuen mantentze-lanak

Energia alternatiboak, hala nola energia eolikoa, teknologia indartsua dira eta izango dira etorkizun hurbilean. Hortaz, teknikari espezializatuen premia izugarri areagotuko da. EAEn ez dago parke eoliko askorik; bai, ordea, diseinuan, fabrikazioan, muntaketan eta mantentze-lanetan diharduten enpresa sendoak.

EAEko lanbide-heziketak beharrezko gaitasun teknikoak dituzten teknikariak hornitu ahal izateko, industria eolikoaren egoera aztertu dugu, prestakuntza-premiak eta lanbide-profilak aintzat hartuta.

Proiektu honetan lau lan-ildo ezarri ziren: pieza handien mekanizazioa, mantentzea, alderdi elektrikoa eta kontrolaren alderdia. Landu beharreko profilak aztertu eta definitzeko urtebete lanean jardun ondoren, proiektuan parte hartu duten zentroek hainbat ikastaro jarri dute abian. Ikastaro horiek enpresak eta ziklo bat amaitu eta ikastaro espezifiko bat egin nahi duten pertsonak dituzte jomugan, baita sektoreko langabeak ere.

Prozesu horretan, bi erakundek prestakuntza eman digute, hala nola Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) eta parke eolikoen operazioan, muntaketan eta mantentze-lanetan aitzindari den GES-SIEMSA enpresak. Parke eolikoen potentzia handitzen diharduen REPOWERING enpresak, berriz, gondola txiki bat eman digu, mantentze-lan errealak egiteko, besteak beste.

Hona hemen proiektu honetan parte hartzen duten zentro eta irakasle laguntzaileak:  IEFPS Mendizabala GLHBI - Iñigo Esnaola Aramendi, Politécnica Easo - Juan Antonio Eizaguirre , Somorrostro - Sergio Zubillaga Rego, UROLA GARAIA - Jose Mari Barrenetxea Toledo eta Xabier Churruca Gabarain, Don Bosco - Ruben Guenechea Oyarzabal.

Proiektuaren amaiera-data hau izango da: 2010-2011 ikasturtearen amaiera.