Automozioko teknologia berriak eta koordinazio pedagogikoa

Automozioaren etengabeko bilakaera dela-eta, ezinbestekoa da merkatuko joerei adi egotea. Bere garaian, autoari aldaera guztietan aplikatutako informazio serial multiplexatuaren arloan eguneratzeko premia antzeman zen, baita trakzio, erosotasun, segurtasun eta diagnosiko sistemetan aplikatutako teknologia berrietan eguneratzeko premia ere.

Premia hori autoak dituen teknologia berrien ondorioz sortu zenez gero, merkatua aztertu eta kontzeptu horiek ikasgelan lantzeko aukera ematen duten maketa batzuk aurkitu ziren. Halaber, premia hori automozioaren lanbide-arloa ematen duten zentro guztiek zutela ikusi zen; hortaz, lehentasunezko helburutzat hartu zen eremu horretan jardungo zuen lan-sare bat sortzea.

Proiektua egin den bitartean, Forteco-ren ikastaroetan hartu dugu parte; bertan, azken teknologietako materialak jaso ditugu autoaren fabrikatzaileengandik zuzenean. Horren guztiaren emaitza gisa, FSI gasolinako zuzeneko injekzio-sistema ardatz nagusitzat duen material didaktikoa sortu dugu. Material hori ibilgailuen mantentzearen lanbide-arloko hainbat arlotan erabil daiteke. Material hori CD batean eskura daiteke.

Halaber, azken belaunaldiko ekipoak eta maketak hornitu zaizkie EAEko prestakuntza-zentro guztiei. Sortutako material didaktikoan, teknologia berrian oinarritutako maketa horietara bideratutako eduki teorikoa eta praktikoa bateratzen duen gida metodologikoa eta praktikoa bildu da.
 
Proiektuaren iraunaldiko hiru urteetan, sortutako materiala eta hartutako jakintzak transferitu ditugu: maketei buruzko prestakuntza bidez; zentroetan banatu diren Forteco 2007 eta Forteco 2008 DVDen bitartez; zentroetara bidali den FSI materialaren eta hari buruzko gida metodologikoaren eta praktikoaren bitartez; material horietako edukiak automozioko irakasleen prestakuntza-planaren baitan erabiliz; eta egin diren jardunaldi tekniko eta berrikuntzakoak aprobetxatuz.

Parte hartzen duten enpresak: Alecop S. Coop., Egido Arrasate, Guttman, Distrinorte (Bosch)
Zentro laguntzaileak: IEFPS Don Bosco GLHBI, IEFPS Fadura GLHBI, IES Elgoibar BHI.

Parte hartzen duten irakasleak: Jose Luís Perez, Gaizka Laka, Gaizka Lazarobaster.
Iraupena: 2006 - 2009