Proiektuaren helburua honako alderdi hauek ezagutzea da: sare elektrikoen egungo egoera eta etorkizuneko sare adimentsuetara iristeko izango duten bilakaera; sare-adimena ematen duten elementuak; ekipo elektroniko aurreratuak; ekipo horien arteko komunikazioak; sarearen automatizazioa, diseinua eta mantentze-lanak; neurketa-ekipoak; eta azken bezeroarekiko interfazea.
Urte gutxian, egungo sarea adimentsuagoa bihurtuko dela ikusiko dugu; aldaketa hori banatzen den energiaren askotariko iturri berriak sartzeak eta energia berriztagarriek bultzatuko dute. Aldaketa, gainera, etengabea izango da, eta sistema berriak pixkanaka ezartzeko premia ekarriko du. Hain zuzen ere, sare horretara iristeko, lehen aldaketa elektrizitate-kontsumoko guneetako kontagailua izango da; egungo kontagailu elektrikoen ordez, elektronikoak erabiliko dira, eta, horri esker, ordukako kontsumo-irakurketak egin ahal izango dira, baita energia-kontsumoa hobeto kudeatu ere.
Panorama hori kontuan izanik eta kontsumitutako energiaren kontrolaren lehen fasea batez ere aintzat hartuta, gure ustez, gutxi barru (2-3 urte) merkatu handi samarra egongo da enpresa txiki eta ertainentzat, kontagailu elektrikoak kendu eta haien ordez kontagailu elektronikoak jartzeko. Horren ondorioz, ekipo berri horien teknologiari buruzko prestakuntza eman beharko zaie profesional horiei. Horregatik, sektorearekin zerikusia duten lanbide-heziketako zentroek (“instalazio elektriko eta automatikoak” eta “telekomunikazio-instalazioak” erdi-mailako zikloak eta “instalazio elektroteknikoak” eta “telekomunikabide- eta informatika-sistemak” goi-mailako zikloak) sistema berri horietara egokitu beharko dute beren prestakuntza, eta zerbitzua eman beharko diote sektoreko premia berri horri. Proiektu honen bidez, sare berri hori ezagutzea lortu nahi da, eta batez ere kontagailu elektronikoak ezagutzea eta kontagailu horien lehen faseko aldaketarako beharrezkoak diren ezagutzak ezartzen laguntzea lanbide-heziketako zentroei.
Hona hemen proiektu honetan parte hartzen duten zentro eta irakasle laguntzaileak: CPES Otxarkoaga BHIP - Julian Iñigo Bilbao Viguri, CPES Mondragón Goi Eskola Politeknikoa -Aritz Milicua Urcelay .
Proiektu hau 2010-11 ikasturtean egingo da.