Proiekzio termikoa eta plasma bidezko soldadura (PAW) gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira Soldadura eta Galdaragintza eta Metal Eraikuntzak izeneko zikloen OCDetan. Alabaina, gaur egun oso presentzia txikia dute lanbide-heziketako zentroetan.
Ingurune korrosiboetan eta tenperatura handietan higadura-baldintzetan erabiltzeko gero eta erresistentzia handiagoa eta propietate hobeak dituzten materialen eskaera, hein handi batean, metalezko oinarriei zeramikazko, metalezko edo plastikozko estaldurak jarrita bete liteke. Estaldura erabiltzeak oinarrizko materiala helburu jakin batzuetarako optimizatzea ahalbidetzen du, besteak beste erresistentzia mekanikoa eta arintasuna lortzeko hain zuzen ere; azalera, berriz, higadurarekiko, marruskadurarekiko eta isolamendu termiko edo elektrikoarekiko erresistentzia lortzeko optimizatzen da, besteak beste.
Plasma-arku bidezko soldadurak (teknikoki PAW —Plasma Arc Welding— izena ematen zaio) TIG soldaduraren printzipio berberak erabiltzen ditu; beraz, azken prozesu horren garapentzat har daiteke. Alabaina, energia-dentsitate handia ematen du eta TIG soldadurarekin alderatuta eraso-eremua bi edo hiru aldiz txikiagoa du, eta, horren ondorioz, lodiera txikiko metalak soldatzeko ezin hobea da.
Proiektu honen helburu nagusia izan da teknologia berriak (garapen teknologikoa eta didaktikoa), plasma bidezko soldadurakoak nahiz proiekzio termikokoak, Lanbide Heziketako zentroetako soldadura-arloan txertatzea, ondoren haiei lotutako beste arlo guztietan hedatzeko (hasierako prestakuntza, etengabeko prestakuntza, lanbide-kualifikazioak, enpresentzako ikastaroak, etab.). Proiektuaren emaitzaren bat aipatzearren, aditzera eman behar da, batetik, proiektuan parte hartu duten guztiek bi teknologia horietan lortutako jakintza, praktika teorikoak eta laborategikoak eginez eta enpresetako kasu errealetan parte hartuz; eta bestetik, jakintza hori ondoren didaktifikatu egin dela, Lanbide Heziketako zentro guztietara hedatzeko.
Enpresa kolaboratzaileak: Válvulas Poyam, Lortek, Abicor-Binzel
Zentro laguntzaileak:
IEFPS TOLOSALDEA GLHBI. – Enrike Odriozola
IEFPS C.L. DON BOSCO GLHBI. – Iñigo Regil
IEFPS MENDIZABALA GLHBI. – Xabier Ortiz de Guinea
GOIERRI LANBIDE ESKOLA. – Javier Zunzunegi
Iraupena: 2009 - 2011.